Hipotekak

Euriborraren igoerak ez du mugarik

Hipoteka gehienen indizeak %3tik gora bukatuko du urtea. Hilabeteotan mailegua berritzen ari direnek inoizko igoerarik handienei aurre egin beharko diete.

Etxebizitza bat salgai, Iruñeko eraikin batean. IñIGO URIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2022ko abenduaren 30a
12:58
Entzun

Egunotan argindarraren fakturak lasaitua hartu badu ere, eta erosketa saskiaren prezioa arintzeko neurriak hartu diren arren, ezin da gauza bera esan herritar askoren buruko min nagusiarekin: hipotekarekin. Tasa aldakorreko mailegua duten hipoteken indize nagusiak, Euriborrak, %3ren langa gainditu du abenduan (%3,018), 2009az geroztik lehen aldiz. Iazko abenduko minimo historikoetatik (-%0,5), igoera ikusgarria izan du azken hamabi hilabeteetan, eta hipoteka hil honetako indizearekin berritu behar dutenek inoizko igoerarik handienari aurre egin beharko diote, Euriborraren 23 urteko historiako handienari.

Portzentajeetan 3,518 punturen aldea dago iazko erreferentziatik aurtengora, eta bereziki horrek zehazten du urtebetean ordaindu beharrekoa: hala, hurrengo urtean batez beste 250 euro garestituko dira hileko kuotak, 3.000 eurotik gora urtean, interes aldakorreko hipoteketan —Hego Euskal Herriko ohikoenak diren hipoteken kasuan: 150.000 eurokoa, 24 urtean ordaintzeko eta Euriborra gehi %1eko diferentzialarekin—.

Euriborraren bilakaera Europako Banku Zentralak (EBZ) abian jarritako interes tasen politika berriaren ondorio da. Inflazioa geldiarazteko ahaleginean, Christine Lagarde buru duen erakundeak lau aldiz igo du diruaren prezio ofiziala joan den udatik, eta interes tasak %2,5ean daude gaur egun. Bankuek gehiago ordaindu behar dutenez EBZren bidez finantzatzeagatik, tasa altuagoak aplikatzen dituzte haien artean ematen dituzten maileguetan. Horrek Euriborrean eragiten du, hain zuzen ere finantza erakundeen arteko kostu hori neurtzen duelako adierazle horrek. Adituek diotenez, baliteke joera hori moteltzea datozen hilabeteetan, inflazioaren jaitsieraren ondorioz. Baina, EBZk ohartarazi duenez, hori gertatzen ez bada, interes tasak igotzen jarraituko du.

Euriborraren igoera arindu edo etenda ere, eragina ez da berehala nabarituko. Urteko lehen hilabeteetan hipoteka berritu behar dutenek igoera handiak izaten jarraituko dute. Izan ere, iazko urtarriletik martxora bitartean, Euriborra oraindik ere balio negatiboetan zegoen. Apirilean sartu zen positiboan, eta abiada bizian egin zuen gora; litekeena da udaberritik aurrera urte bateko eta besteko indizeak hurbiltzen hastea eta igoerak apaltzea hil horietan hipotekak berritu behar dituztenentzat.

Nola aurre egin

Azken hilabeteetan gertatutakoak nobazioekiko eta subrogazioekiko interesa piztu du mailegu bat dutenen artean – hipotekak tasa aldakorretik tasa finkora aldatzeko bi aukera dira; bigarrenean, bankuz aldatuta –. Baina kostu bat dute, eta oztopoak jartzen dituzte bankuek. Hipoteka berriei dagokienez, berriz, bezeroak gero eta gehiago eskatzen ari dira tasa finkoko hipotekak, garestiagoak —%2,7, gaur egun, eta gorako bidean horiek ere—, baina babestuagoak Euriborraren gorabeherei dagokienez. Bankuek mesfidantzaz begiratzen diote egoerari, eta interes finkoko produktuak ezabatuz joan dira. Urtearen hasieran sinatutako lau hipotekatik hiru tasa finkokoak ziren; orain, hamarretik sei dira.

Hipotekaren igoera beti izaten da kolpe gogorra, baina are gehiago orain. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak bankuen patronalarekin jardunbide egokien kode berria onartu zuen azaro amaieran. Horren arabera, hipoteka izoztu ahal izango dute 29.400 eurorainoko errenta dutenek. Bankuak, hala ere, gehiago eskaintzen ari dira beste neurri batzuk: adibidez, ordainketak atzeratzea edo denbora batez tasak murriztea; eta neurri horiek kezka eta kritika batzuk eragin dituzte, funtsean hipoteka luzatzea eta beraz garestitzea dakartelako.

Horiek hala, Espainiako Gobernuak inflazioari aurre egiteko aste honetan kaleratu duen dekretuaren negoziazioan, Unidas Podemosek proposatu zuen kuotak izozteko aukera legez bermatzea —ekainaren 30eko Euriborra (%0,852) erreferentziatzat hartzea, eta urtebetez kuotak adierazle horrekin berritzea—. Azkenean, ez dute halakorik jaso dekretuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.