Helegitea jarri diote Usansolo banatzeko erabakiari

Gainera, Espainiako Estatuaren Abokatutzak eskatuko du horri bide eman dion foru araua bertan behera uzteko

Usansoloren ikurrak, banaketa onartu zen egunean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko abenduaren 30a
17:27
Entzun

Zaputzaldia urtearen amaieran iritsi zaie Usansoloko herritarrei: Espainiako Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri dio Usansoloren bereizketari EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean. Haren ustez, Usansolok ez du betetzen Espainiako Tokiko Erregimenaren Oinarrien Legea; horren arabera, beste udalerri batetik bereizten diren udalerri berriek gutxienez 5.000 biztanle izan behar dituzte.

Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloren bereizketari bide ematea erabaki zutenean bazuten horren berri, baina ulertzen zuten horren inguruko eskumena ez zela Espainiarena, Bizkaiko erakundeena baizik, eta, beraz, Espainiako legeria aplikatu beharrean, foru araua zela aintzat hartu beharrekoa. Foru arau horren arabera, 2.500 biztanle izatea nahikoa da udalerri berria eratu ahal izateko.

Hortaz, helegite honekin irekitzen den gatazka ez da soilik Usansoloren estatus juridikoaren ingurukoa; eskumenen inguruko gatazka ere bada. Izan ere, Espainiako Estatuaren Abokatutzak, Usansoloren bereizketaren inguruko erabakia ezeztatzeko eskatzeaz gain, galdegin du hura posible egin duen foru araua ere bertan behera uztea. Abokatutzaren iritziz, auzi horri dagokionez «funtsezko betekizunak» Espainiaren eskumenekoak dira, eta Bizkaiko erakundeei «prozedura arautu eta izapidetzea» baino ez dagokie.

Arazoaren 23an Bizkaiko Batzar Nagusietan Usansoloren bereizketa onartu zenean, PSE-EEren idazkari nagusi Eneko Anduezak mahai gainean jarri zuen erabaki horri helegitea jartzeko aukera. Orduan, PSE-EEk Bizkaiko Batzar Nagusietan duen ordezkari Juan Oterminek esan zuen azkenean helegitea aurkezten bazen hura ez zela «sozialisten erantzukizuna» izango, Estatuaren Abokatutza Espainiako Gobernuaren Justizia Ministerioaren meneko erakundea izan arren.

Orain, EAEko Justizia Auzitegiak ebatzi beharko du helegitearen inguruan, eta horrek denbora eskatuko du. Paradoxikoki, Usansolori oso biztanle gutxi gelditzen zaizkio 5.000ko langa horretara iristeko, eta oso litekeena da langa hori gainditu izana auzia argitzen denerako.

Helegitea jarri izana gaitzetsi du EH Bilduk, ohar bidez, «herriaren borondatearen aurkako erasoa» delakoan, baita Bizkaiko Batzar Nagusien «gutxiespena» ere. Usansoloren bereizketa «berme guztiekin egindako prozedura administratiboa» izan zela defendatu du, eta herri kontsulta batek berretsi zuela ere gogorarazi. Hala, herritarren eta euskal erakundeen «subiranotasuna» aldarrikatzera deitu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.