Ekialde Hurbila

Israelen okupazio politikaz iritzia emateko eskatu dio NBEk Nazioarteko Zigor Auzitegiari

The Times of Israel egunkariaren arabera, onartutako ebazpenean ikerketa bat hasteko eskatu du Asanblea Orokorrak, «Israelek Jerusalemgo demografia eta estatusa aldatzeko hartu dituen neurrien gainean».

Palesinar bat, atzo, Nablusen, Israelgo armadaren ibilgailu bati harri bat botatzen. ALAA BADARNEH, EFE
jon ordonez garmendia
2022ko abenduaren 31
10:33
Entzun

Nazio Batuen Erakundeko Asanblea Orokorrak Israelen lurralde okupazioaz «lehenbailehen» iritzi bat emateko eskatu dio Nazioarteko Zigor Auzitegiari. Ebazpenak 87 boto izan ditu alde eta 26 kontra; 53 abstentzio egon dira. Kontra bozkatu dute, besteak beste, Israelek berak, Erresuma Batuak, AEBak, Austriak, Kanadak, Alemaniak, Italiak eta Australiak; Ukraina abstenitu egin da.

2004. urtean eman zuen iritzia azken aldiz Nazioarteko Zigor Auzitegiak, orduan ere NBEren Asanblea Orokorrak eskatuta. Oraingoan, The Times of Israel egunkariaren arabera, «lurralde palestinarren anexioa» eta «okupazio luzea» ditu hizpide ebazpenak, eta ikerketa bat hasteko eskatzen du «Israelek Jerusalemgo demografia eta estatusa aldatzeko hartu dituen neurrien gainean». Gainera, palestinarrak diskriminatzea leporatzen dio.

Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) txalotu egin du NBEren erabakia. Benjamin Netanyahu Israeleko lehen ministroak herenegun, kargua hartu berritan, esan zuen okupazioa «Israelen eremu osora zabaltzea» dela Israelgo Gobernu berriaren helburua. Asmo hori arrazistatzat jo zuen PANek. Mahmud Abbas PANeko presidenteak esan du garaia dela Israelek legea betetzeko eta palestinarren aurka egindako krimenengatik ordaintzeko. Israelek 1967ko Gerran bereganatu zituen Zisjordania, Gaza eta Jerusalem ekitaldea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.