Ekialde Hurbila

Meskiten Zelaigunea bisitatu du Israelgo Segurtasun ministroak, ez joateko abisuei entzungor eginda

Palestinako Aginte Nazionalaren iritziz, «inoiz ez bezalako probokazio bat da, eta mehatxu larri bat gatazka egoera honetan». Arabiar Ligak «gogor» gaitzetsi du bisita.

Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun Nazionaleko ministroa, artxiboko irudi batean. ATEF SAFADI / EFE
Paulo Ostolaza - Mikel O. Iribar
2023ko urtarrilaren 3a
09:37
Entzun

Tentsioa areagotzen ari da Jerusalemen. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu buru duen gobernuak abenduaren 29an ekin zion agintaldiari, eta haren asmoek hautsak harrotu dituzte, batek bereziki: okupazioa Israel osora zabaldu nahiak. Azkar hasi ditu horretarako mugimenduak, eta Jerusalemgo Meskiten Zelaigunean izan da gaur Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministro izendatu berria, eskuin muturreko Alderdi Sionista Erlijiosoko alderdiko burua. «Israelgo Gobernuak ez die men egingo Hamasen mehatxuei», esan du han.

Meskiten Zelaigunea Jerusalemgo Hiri Zaharreko leku sakratu bat da; musulmanen leku sakratuetan hirugarrena da (Mekaren eta Medinaren ondoren), eta, juduentzat, garrantzitsuena. Gaur egun, juduek ezin dute han errezatu, baina sar daitezke bisitari moduan. Jordaniak du lekuaren kustodia 1967tik. «Israelgo herriarentzat, dagoen lekurik garrantzitsuena da. Musulmanei eta kristauei etortzeko askatasuna bermatuko diegu, baina juduak ere etorriko dira, eta mehatxu egiten digutenei gogor erantzungo diegu», ohartarazi du Ben-Gvirrek.

Netanyahu eskuin muturrarekin elkartu da bere seigarren agintaldian. Bidelagun ditu Xas eta Tora Judaismo Batua talde ultraortodoxoak eta Botere Juduak, Noamek eta Alderdi Sionista Erlijiosoak osatzen duten eskuin muturreko koalizioa. Supremazistek, kolonoek eta homofoboek osatutako aliantza hori hirugarrena izan zen azken hauteskundeetan boto kopuruan.

Ikusi gehiago: Israel paralisi politikotik atera da eskuin muturraren bitartez

Israelgo Gobernuak badaki nolako ondorioak izan ditzakeen ministroaren bisitak. Horregatik, Ben-Gvirrek atzeratu egin behar izan zuen bisita hasieran: Netanyahu lehen ministroak hala eskatu ziolako, oposizioak ministroaren asmoak gaitzetsi zituelako, eta Hamasek eta Jihad Islamikoak mehatxu egin ziotelako. Besteak beste, Yair Lapid Israelgo lehen ministro ohiak ere eskatu zion Meskiten Zelaigunera ez joateko, esanez propio egindako probokazio bat litzatekeela, eta hildakoak eragingo lituzkeela. Abdala II.a Jordaniako erregeak ere gauza bera galdegin zion.

Ez da lehen aldia Israelgo Gobernuko ministro batek Mezkiten Zelaigunera bisita egiten duena; hain zuzen, herrialde horretako lehen ministro ohi Ariel Sharon 2000ko irailean joan zen hara, eta bisita hura izan zen bigarren intifada piztu zuten eragile nagusietako bat; Israelgo Polizia gogor oldartu zitzaien palestinarrei.

«Terrorismoaren eta faxismoaren ministroa»

Hamasek eta Jihad Islamikoak irmoki gaitzetsi dute Ben-Gvir Segurtasun ministroaren jokabidea. Abdelatif al-Qanuk, Hamasen bozeramaileak, azaldu du bisitak «kolonizatzaileen gobernu faxistaren harrokeria» erakusten duela, eta argi uzten duela Israelgo Gobernuak Al-Aqsa meskitaren aurkako erasoak areagotzeko asmoa duela, hura zatitzeko. Hori ikusita, Hamasek Zisjordaniako herri palestinarrari eskatu dio «liskarrak areagotzeko eta Israelen okupazioari aurre egiteko». Jihad Islamikoak, berriz, salatu du «terrorismoaren eta faxismoaren ministroa» dela Ben-Gvir.

PAN Palestinako Aginte Nazionalak, berriz, gogor gaitzetsi du «Israelen oldarraldia»: «Inoiz ez bezalako probokazio bat da, eta marra gorri bat gainditzea gatazka egoera honetan. Hura amaitzeko eskaerak gaitzetsi ditu Ben-Gvirrek», salatu du. Dena den, Netanyahu egin dute «Al-Aqsaren aurkako erasoaren» erantzule. PANek hau ere gehitu du: «Al-Aqsa palestinarra, arabiarra eta islamiarra izan zen, da, eta izango da».

Palestinako erakundeen gisan, Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Aboul Gheitek ere «gogor» gaitzetsi du Ben-Gvirek Meskiten Zelaigunera egindako bisita. Aboul Gheitek, ohar baten bidez, Netanyahu buru duen gobernua jo du «eskuin muturreko praktiken» erantzuletzat. Jordaniak, berriz —zeina Arabiar Ligako 22 kideetako bat den—, «nazioarteko zuzenbidearen, eta statu quo historiko eta juridikoaren urraketa onartezintzat» jo du Israelgo Segurtasun ministroaren bisita, baita «probokazio ekintza gaitzesgarritzat» ere.

Horrekin guztiarekin lotuta, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkari Antony Blinkenek berretsi du Washingtonek bi estatu babesten dituela Palestinaren eta Israelen arteko gatazka konpontzeko. «Bi estatuen bideragarritasuna arriskuan jartzen duen edozeren aurka gaude», adierazi du Blinkenek, Israelgo Atzerri ministro Eli Cohenekin telefonoz hitz egin ostean.

Etxe Zuriak behin eta berriz esan du Ekialde Hurbileko arazoa konpontzearen alde dagoela. Netanhayuk azken asteotan nabarmendu duenez, «herri juduak eskubide osoa eta eztabaidaezina du Israelgo eremu guztietan», eta aurreratu du okupazioa Zisjordaniako «lurralde osora» hedatzea bultzatuko duela.

Hiru hildako hiru egunetan

Israelgo armadaren oldarraldiek ez dute etenik Zisjordanian. Palestinako Osasun Ministerioak jakinarazi du Israelgo armadak 15 urteko mutil bat hil duela Betleemgo hegoaldeko errefuxiatuen kanpamendu batean. Atzo bertan, gutxienez beste bi lagun hil eta zortzi zauritu zituzten Israelgo indarrek, Kafr Dan herrian egindako sarekada batean, Wafa Palestinako albiste agentziak jasotakoaren arabera.

Ondorioz, urtea hasi zenetik, hiru palestinar hil ditu Israelgo armadak.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundearen arabera, «azken hamasei urtean hildako gehien izandako urtea» izan da 2022a; Israelgo armadak gutxienez 171 palestinar hil zituen iaz Zisjordanian eta Jerusalem ekialde okupatuan, eta horietatik 30 haurrak ziren. 9.000 lagun baino gehiago zauritu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.