Lan merkatua
Urte amaiera txarrak enpleguaren datuak desitxuratu ditu
2021ean baino 23.000 kontratu gutxiago egin dira 2022an, azaroko eta abenduko jaitsierengatik. Hala ere, 4.463 langabe gutxiago daude Hegoaldeko enplegu bulegoetan.

Krisi energetikoak, inflazio handiak eta interes tasen igoerak ekonomia hozten hasi badira ere, lan merkatuan ez da gehiegi nabaritu oraindik, baina sintoma batzuk agertzen hasi da. Aurreko hilabeteetan bezala, urteko azken hilabetean ere behera egin du langabeziak. SEPE Espainiako enplegu zerbitzuaren arabera, hilaren amaieran 142.408 pertsona zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan, 2021eko abenduan baino 4.463 gutxiago, baina 2022ko azaroan baino 205 gehiago.
Abendua hilabete ona izan ohi da enpleguarentzat. Eguberrietara begira dendetan eta ostalaritzan egiten diren kontratazioek urtero jaitsi ohi dute langabe kopurua, baina oraingoan ez da halakorik gertatu. Gainera, badago beste datu adierazgarri bat: lan kontratuei dagokionez, abendurik txarrena izan da 2013. urtetik.
Dena den, langabezia tasa (%10,41) eta Gizarte Segurantzako afiliazio datuak azken hamarkadako onenen artean jarraitzen dute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak nabarmendu dute horrek oinarri sendo bat ezartzen duela urteko lehen erdira begira iragarri den motelaldi ekonomikoari aurre egiteko. Sindikatuek, aldiz, kezkaz begiratzen diote egoerari eta bereziki inflazio handiaren ondorioei.
Lan kontratuak: hilabete txarra
2009. urtetik langabe kopururik txikiena erregistratu den abendua izan da: 142.408 guztira; baina enplegurako hilabete ona izanagatik ere, 2022an gora egin du langabeen kopuruak: 205 gehiago azarotik. 2020an eta 2021ean 2.000tik gora langabe gutxiago zenbatu ziren epe berean.
Bereziki zerbitzuetan nabaritu da joera aldaketa: sektore horretan 109 langabe gehiago daude aurreko hilekotik. Datu deigarria da dendek eta ostalaritzak bultzatzen dutelako enpleguaren sorrera urte amaieran. Esate baterako, 2020ko abenduan 2.467 langabe gutxiago erregistratu ziren, eta 2020ko abenduan 2.974 gutxiago. Industrian ere 585 langabe gehiago daude azarotik abendura. Dena den, sektore horretan ohikoa da langabeen kopurua igotzea urteko azken hilabetean. Eraikuntzan ere gora egin du: 25 gehiago.
Moteltzea sektore guztietan nabaritu da, eta kontratazioen datu orokorretan ikusten da hobeto hori. Abendurik txarrena izan da 2013. urtetik: 2021eko azken hilean baino 23.309 kontratu gutxiago egin dira (-%22,51), eta pandemiaren urterik gogorreneko (2020ko) abenduan baino 3.449 gutxiago.
Gainera, iazko abendua 2022 osoan lan kontratu gutxien sinatu ziren hilabetea izan zen, apirila kenduta. 80.244 egin ziren guztira, apirilean baino 393 gehiago, baina azaroan baino 8.945 gutxiago, eta 2022ko azaroa ere azken urteetako txarrenetarikoa izan zen.
Urte osoko datuei erreparatuta, berriz, 2022a aurreko urtea baino txarragoa izan da lan kontratuei dagokienez. Guztira, 23.309 gutxiago egin dira. Pandemiak gogorren jo zuen urtea kenduta, gutxien egin den urtea izan da 2015. urtetik. Urte osoan 1.151.040 kontratu egin dira.
Afiliazioak: bigarren markarik onena
Gizarte Segurantzako kotizatzaileen datuak, berriz, positiboak dira oraindik. Zenbaki osoetan, 1.294.043 langile daude. Inoizko bigarren daturik onena da hori, azarokoaren ondotik, baina aurreko lau hilabeteetako goranzko joera eten egin da, 1.497 kotizatzaile galdu baitira azarotik. Gainera, gogoratu behar da abenduan sortzen den enplegua epe laburrekoa izan ohi dela, eta urtarrilean berriro milaka kotizatzaile galtzen dituela Gizarte Segurantzak. Ikusteko dago udaberrira arteko bilakaera zein izango den, egoera ekonomikoaren susperraldia ez baita uda arte espero.
Kontratu motak: finkoak gutxitzen
Iaz lan erreforma indarrean jarri zenetik handitu egin da kontratazio mugagabea. Abenduan sinatutako kontratuen %20,78 izan dira finkoak, aurreko urteko hil bereko halako bi. Inoizko kontratu finkorik gehien egin da 2022an. Ordura arte batez beste %7-9 inguru ziren, eta %24,57 izan dira azken urtean,
Dena den, araudi aldaketa bere osotasunean indarrean sartu zenetik (martxotik aurrera), abenduan egin dira mota horretako kontratu gutxien: 16.676 guztira. Azaroan baino 5.801 gutxiago.
Gainera, lan erreformaren aurka azaldu direnek kontratu mugagabe horietako askoren benetako izaera zalantzan jartzen dute: asko dira aldizkako kontratu finkoak (%37,1 Espainian); beste askotan, langileak bota egiten dituzte sei hilabeteko probaldia amaitu ondoren, eta erdiak baizik ez dira jardunaldi osokoak.
Langabezia sariak: %62, babesik gabe
Hegoaldeko lau lurraldeetako hamar langiletik seik (%62) ez dute inolako estaldurarik: 107.060 pertsona guztira. Kopuru hori nabarmen handitu da azken urtean: 2021eko azaroan baino 24.520 gehiago dira. Laurden batek (%22,07) langabezia sari arrunta jasotzen dute (2021eko abenduan, %25,3 ziren), %14,9k subsidioa, eta %1,6k besteren bat.
Lurraldeak: urte amaiera kaskarra Gipuzkoan eta Nafarroan
Bizkaian jaitsi da gehien langabezia. 62.361 langabe zenbatu dira, hau da, azaroan baino 256 gutxiago, eta iazko abenduan baino 2.517 gutxiago. Gipuzkoan, gora egin du azarotik abendura, 351 gehiago, baina iaztik 1.116 gutxiago zenbatu dira. Nafarroan ere igoera txiki bat erregistratu da urte amaieran, 31.610 dira guztira, azaroan baino 117 gehiago. Urtea, hala ere, 416 langabe gutxiagorekin amaitu da. Araban, berriz, 19.000 langabe daude, aurreko hilean baino zazpi gutxiago eta iazko abenduan baino 414 gutxiago.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.