Kopako harria | Menditxiki

Endarako urtegiaren gainetik gailentzen den mendi hau nahikoa ezezaguna da mendizaleentzat, edo behintzat ez da bere inguruan dauden Aiako Harria eta Bianditz mendiak bezain erakargarria. Mendi hauek, XX. mendearen hasieratik 1936ko gerra bitarte, eta guda ostean 50. urtera arte, inguru hauetan egin ohi zen kontrabandoaren lekuko isilak izan dira. Iparraldetik hegoalderantz eta konkretuki Nafarroatik Gipuzkoarantz era guztietako generoak garraiatzen zituzten kontrabandistek. Karabineroen zaintza zorrotza ekidin ahal izateko hemengo xenda, aldats, ubide, borda, baso eta abar oso ondo ezagutzen zituzten.
Inguru hauetan kontrabandoa gauez eta oinez egiten zen, Aiako Harriko “harresia” gainditu ahal izateko kontrabandistek bide ezberdinak erabiltzen zituztelarik. Hiru ibilbide nagusi erabiltzen zituzten, lehenengo biak Kopako harriaren Maiobiko mendi-mazelan zehar, hirugarrena berriz, hegoalderantz Agiñatik. Aiako Harria eta bere inguruko mendiak kontrabandoaren erreferentzia garrantzitsuak izan dira, horregatik karabineroen zaintza ekiditeko eta igoera-jatsiera malkartsuetan pisu handiko zamarekin (bataz beste 30 kilo) ibiltzeko, paraje hauek oso ondo ezagutzeaz aparte prestakuntza fisiko bikaina behar zuten kontrabandistek.
Ibilbidea
Endarako urtegiaren ertzean dagoen San Anton ermitatik abiatuko gara parez pare dugun jatetxearen ondora igotzeko. Honen ondotik ateratzen den porlanezko pista berritik jarraituko dugu aldapan gora eta erraz helduko gara Telleriko lepora. Leku hau garai batean Oiartzun eta Lesaka herriak lotzen zituen bidearen igarobide bakarra zen eta egun ere, Lesakara oinez joan nahi duenarentzat puntu estrategikoa da.
Telleri baserrira doan pista zabala utzi eta lepotik ezkerrera ateratzen den xenda hartuko dugu. Igoera ez da oso luzea, baina tarte batzuetan nahikoa pikoa gertatzen da. Denbora gutxi beharko dugu Kopako harriko tontorrera iristeko. Gailurra zabala da oso, eta gutunontzia kokaturik dagoen lekutik iparralderantz metro batzuk aurreratuz gero, Endara aldera zintzilikatzen diren ezproietatik kontrabandistek egiten zituzten bideak imajina ditzakegu. Kontrabandistek, Aiako Harriko harresia gainditzeko bide desberdinak erabiltzen zituzten, batik bat hiru: lehenengo biak Kopako harriko mendi mazeletan zehar, eta hirugarrena, berriz, Agiñatik.
Gure ibilaldiarekin jarraitzeko lehen aipatu dugun Telleriko lepora itzuliko gara, eta abiapuntura itzultzeko etorritako bidetik atzera egingo dugu.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.