EBren asmoa da Txinatik iritsitako bidaiariei COVID testak eskatzea

Talde komunitarioko herrialde gehienak birusaren aurkako neurri batzuk adostekotan dira. 50 milioi txinatarrek baino gehiagok bidaiatu dute Urteberriko jaietan.

Pekingo aireportua, abenduaren 31n. MARK R. CRISTINO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Igor Susaeta
2023ko urtarrilaren 3a
14:24
Entzun

EB Europako Batasuneko herrialde gehienen asmoa da Txinatik talde komunitarioko estatuetara iritsi asmo duten bidaiari guztiei COVID test bat eskatzea Txinatik bertatik atera baino lehen. Orain arteko COVID-19aren kutsatze olderik handiena ari dira jasaten Asiako herrialderik handienean, munduko populatuenean, eta Bruselan erantzun bateratu bat prestatzekoak dira. Neurri hori ezartzeko intentzioa dutela jakinarazi du gaur Stella Kyriakides EBko Osasun komisarioak, klub komunitarioko estatuetako osasun adituekin batzartu eta gero. Hain zuzen, IPCR Krisiari Erantzun Politiko Bateratua mekanismoa —EB barruko erakundeetako ordezkariak, estatu kideetakoak eta osasun arloko zenbait aditu biltzen ditu— bihar batzartuko da, «EBn sartzeko baldintza posibleen koordinazioaz» erabakiak hartzeko intentzioarekin.

Kyriakidesek Twitterren idatzi duenez, beste planteamendu batzuk ere adostu dituzte; higiene neurriak gomendatzea bidaiariei; Txinatik EBranzko bidea hartzen duten hegaldietako bidaiariei maskara janztea aholkatzea; hegazkinetako ur zikinak kontrolatzea; eta, besteak beste, aireportuetan birusaren aldaera berrien sarrerari erreparatzea. EBko Osasun komisarioak nabarmendu du «batasuna» dela klubak COVIDari aurre egiteko duen «tresna nagusia».

Azken asteotan handitu egin da Txinako positiboen kopurua, koronabirusaren kontrako zero COVID estrategiaren neurririk gogorrenak kendu ostean. Kasu positiboen hazkundea hasi zenetik, Txinako Gobernuak ez du ia datu eguneraturik argitaratu. Gainera, estatuko datu ofizialek islatu izan dituzten kopuruak ez datoz bat hainbat osasun langileren lekukotzekin, ezta probintzietako agintariek jakinarazitako datuekin ere.

Herritar ugariren protesten ostean zero COVID estrategiaren neurri asko kendu izanak, besteak beste, bidaiak baimendu ditu. Azken astean 50 milioi txinatarrek baino gehiagok bidaiatu dute —bidaien %60 inguru herrialdearen barruan izan dira—. Hori ikusirik, EBko estatu kideen neurrien arteko «koordinazioa» eskatu du Europako Batzordeak. Suediak bultzatu du IPCRren bilera, herrialde horri baitagokio ekain amaierara arte EBko Kontseiluaren presidentetza. «EBren ikuspegi komun bat adostu nahian gabiltza, eta garrantzitsua da beharrezko neurriak berandu baino lehen hartzea», esan du Jakob Forssmed Suediako Osasun ministroak gaur.

EBko hainbat estatu kide hasiak dira ja zenbait neurri hartzen. Belgikan, esaterako, Txinatik joandako hegazkinen estoldetako urak aztertuko dituzte COVIDaren aztarnarik ba ote den eta mutaziorik sortu ote den jakiteko. Gainera, ondoezik sentitzen diren bidaiariei COVID-19a atzemateko probak egingo dizkiete. «Egokia izango litzateke EBko herrialdeok Txinari esango bagenio: ‘Europara baldin bazatoz, testa egin behar duzu lehenago’», adierazi du gaur Franck Vandenbroucke Belgikako Osasun ministroak.

Frantziako Gobernuak herritarrei eskatu die Txinara ez bidaiatzeko «ezinbestekoa ez bada», eta Txinaren eta Frantziaren arteko hegaldietan maskara erabiltzea derrigortu du. Espainiako Gobernuak, berriz, bidea ireki dio Txinatik hara joandako bidaiariei COVID-19aren test negatiboak edo txertaketa ziurtagiria eskatzeari. Are, Italia hasi zaie ja testak eskatzen bidaiari horiei, eta antzeko neurriak hartzen hasiak dira AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Kanadan eta Japonian, besteak beste.

Txinako Gobernuko Atzerri Ministerioko bozeramaile Mao Ningek gaitzetsi egin ditu gaur herrialde horien neurriak: «Ez dute oinarri zientifikorik, eta onartezinak dira. Ez lituzkete pertsonen arteko ohiko komunikazio eta kooperazioak mugatu beharko»;.

OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du «oso larrituta» dagoela COVID-19a nola ari den garatzen Txinan, eta «informazio gehiago» eskatu dio Pekini. Izan ere, Txinako Gobernuak datu eguneratu gutxi argitaratu ditu azkenaldian, eta ezin da jakin zenbat pertsona kutsatu eta hil diren. Astelehenean eman zituen azken datuak Pekinek, eta adierazi zuen 5.253 herritar hil direla Txinan COVID-19aren pandemia hasi zenetik, hau da, abenduaren amaierako datuei beste hiru hildako gehitu zizkien Pekinek. Johns Hopkins unibertsitatearen arabera, ordea, 17.198 lagun hil dira koronabirusaren ondorioz.

Txinako Gobernuak adierazi duenez, kutsatzeek goia jo dute hirietan, eta orain birusa landa eremura hedatuko dela aurreikusten dute.

Txertoak EBtik
EBk koronabirusaren aurkako txertoak eskaini dizkio Txinako Gobernuari, dohainik. «EB prest dago [Txinari] laguntza eskaintzeko, osasun publikoaren alorrean duen eskarmentuarekin eta txertoen dohaintzarekin», esan zuen Kyriakidesek, sare sozialen bidez, abenduaren 30ean.

OMEk bezala, kutsatzeen eta heriotzen datu eguneratuak argitaratzeko eskatu zion Kyriakidesek Pekini.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.