Albistea entzun

Irulegiko herrixka eta gaztelua | Menditxiki

Aranzadi Zientzia Elkarteak dionaren arabera, "Irulegi fase kronologiko zabalak barneratzen dituen aztarnategia da, eta arrazoi hori dela eta, erreferentziala izango da Iruñeko arroko bilakaera historikoa ezagutzeko".

Irulegio herrixka
Irulegio herrixka Mikel Arrizabalaga Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2022ko azaroak 26

Ilundain herritik abiatu eta berehala iritsiko gara baso biziduna hasten den pistaren sarrerara. Sorgin bat tailatuta duen enbor baten ondoan dagoen langa gainditu eta aurrera egingo dugu. Tarte txiki bat bete eta gero, bide zabala utzi eta pinu artean marrazten den xendan egurrezko hamaika irudien ondotik igaroko gara (barraskiloa, igela, hartza, hontza, onddoa, txinatarra, sagua…). Irudi guztiak Ilundain Fundazioko langile eta gazteek eginak dira. Pistara ateratzean, ingurune hesitua duen tximeleten erreginaren mikro-erreserbara gerturatuko gara. Isabel-tximeleta (Graellsia isabellae), gaueko tximeleta handi bat da, batez ere berde kolorekoa. Ilundaingo mikro-erreserba hau espezie honetako munduko lehena da.

Langa gainditu eta berriro pista zabala hartuko dugu leporaino igotzeko. Puntu honetan, bide zabala utzi eta GR-220aren seinale zurigorriek (Iruñerriako arroaren itzulia) erakusten diguten norabidean, pinudian murgildu eta bertatik zabaltzen den xendan barrena abiatuko gara. Lehen malda igo orduko, malda handia eta pikoa gainditzeko 150 maila dituen eskailera batekin egingo dugu topo. Goiko aldera iristean, ikuspegia zabaldu egingo zaigu, ezpel eta pinu txiki batzuk izan ezik, ez dugu trabarik izango. Gure mendean, Itzagaondoako ibarreko zereal lurrek osatzen duten puzzle koloretsua, sasoi bakoitzaren arabera kolore desberdinez jantziz.

Bidezidorrak pinudi txiki bateraino eramango gaitu eta hau zeharkatzean, aurrez aurre ikusiko dugun ordoki berdearen goiko aldean Irulegiko gazteluaren aurriak agertuko zaizkigu. Tontorrerantz abiatu aurretik, magalean kokatuta dagoen Burdin Aroko herrixkaren aztarnategira gerturatuko gara. Aranzadi Zientzia Elkarteak, 2007 eta 2017 artean gaztelua ikertu eta gero, 2018an honen magalean dagoen herrixka aztertzen hasi zen. Indusketa horien ondorioz, Kristo aurreko I. mendekoa den esku itxura duen brontzezko xafla bat aurkitu zuten. “Irulegiko eskua” izenez ezagutzen den pieza berezi honetan lau lerroko idatziak agertzen dira, eta horietako lehenengoa, “sorioneku” modura transkribatu dute, karaktere paleohispaniarretan eta hizkuntza baskoian idatzia. Adituen arabera, ohiz kanpoko aurkikuntza honek antzinako baskoiek alfabetaturik zeudela erakusten du, eta ez zirela idazten hasi alfabeto latinoan. Baskoieraz idatzitako lekukotasun zaharrena dugu hau. Zinez, antzinako euskarari buruzko aurkikuntza garrantzitsua.

Herrixka atzean utzi eta gaztelu aldera igotzeko azken maldari aurre egingo diogu. Iruñerrian ondoen mantentzen den Nafarroako Erresumako Erdi Aroko gaztelua da. Eta hori, Aranguren ibarreko herritar, Larrazkoa elkartea, Nafarroako gobernua eta Aranzadi Zientzia Elkarteak, egindako ikerketa arkeologiko eta berreraikitze lanetan parte hartu izanari zor zaio. Iruñeko erresumaren hastapenetan eraiki zela uste da, garai hartako baskoien defentsa-sistema gotorlekuetan oinarritzen baitzen. Agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra zibilean, Leringo kondea izan zen gazteluaren jabea, eta XIV. mendearen bukaeran, Juan Mearin beaumontarra zen hango alkaidea. 1494an, Joanes III.a eta Katalina I.a Nafarroako errege-erreginek gaztelua berreskuratu zuten, baina urte berean gaztelua eraistea erabaki zuten. Gaur egun ikusten diren egiturak XIII eta XV. mendeetako eraikuntza faseei dagozkienak dira. Gazteluan dago tontorra adierazten duen buzoi edo gutunontzia eta harresietara igotze besterik ez dugu panoramika zabal eta ederraz gozatzeko.
Datozen urteetan egingo diren balizko aurkikuntzek berriro Irulegi bisitatzera ekarriko gaituela desiratuz, etorritako bidetik atzera egingo dugu pistaraino. Bertara heldu baino metro batzuk lehenago, eskuinetik ateratzen den xenda hartuko dugu ibilaldi honen hasieran ezagutu dugun baso bizidunaren bigarren zatia ezagutzeko. Basoa zeharkatzen duen bide honek beste makina bat irudi erakutsiko dizkigu, egurrean edota enborretan tailatutako txakurra, behia, zaldia, kokodriloa, eskua, liburua, hontza, onddoak eta abar. Bide magiko honen azken partean, maitagarrien haritz-enborraren ondora iritsiko gara eta metro batzuk aurrerago eginez, maldan behera zuzentzen den bidezidorretik abiapuntura itzuliko gara.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

EH Mendi Erronka probako emakumezkoen podiuma. ©EMF

Azkorbebeitia eta Iñarra garaile EH Mendi Erronkan

Ramon Olasagasti

Biek ala biek Leitzako ultraren (67 km /7.200 m+) errekorrak ondu dituzte. Irati Trail proban, berriz, Ainara Alcuaz eta Beñat Katarain izan dira azkarrenak. Andorrako Travessa d’Encamp ultran (84 km) Goar Lopetegi eta Jone Urkizu nagusitu dira.

Mikel Linazisoro finaleko blokeetako batean. ©Javi Pec / Fedme

Mikel Linazisoro, «oso pozik» Espainiako Kopako garaipenarekin

Ramon Olasagasti

Eskalatzaile bergararrak irabazi du blokeko Espainiako Kopa, hiru probak lehiatu ondoren. Hamalau urtez azpikoetan Eñaut Uson izan da txapeldun, eta 18 urtez azpikoetan bigarren geratu da Intza Elizalde. Linazisoro zailtasuneko Munduko Kopari begira jarri da orain.

 ©BERRIA

Nafarroan bideak ixten ari dira

Ramon Olasagasti

Nafarroako Ingurumen Departamentuak zenbait eskalada eremutako ekipamenduak kentzeko eta bideak ixteko ebazpena atera du. Azken egunotan, gainera, beste eremu batzuetako bideak ere itxi ditu Madalenaitzen eta Meanon. Eskalatzaileak «oso kezkatuta eta haserre» daude.
'Arrakalak', CVCPHOTO lehiaketako irudi irabazlea: txirrindulari bat ageri da Esako urtegi idortuko arrakaletan. ©Carlos de Cos Azkona

Esako 'Arrakalak' garaile CVCEPHOTOren 9. aldian

Ramon Olasagasti

Carlos de Cos Azkona soraluzetarrarena da irudia. Bigarren saria Krystle Wright argazkilari australiarrak eskuratu du, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia jaialdia iragarriko duen kartelaren saria, Yhabril Moro bilbotarrak, X-Man argazkiarekin.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...