Energia berriztagarriak
Aixeindarrek beste parke eoliko bat eraiki nahi du Araban, zortzi sorgailukoa
Arraia-Maeztuko, Iruraiz-Gaunako eta Donemiliagako lurrak ukituko lituzke. Azazetakoaren alboan legoke, eta 40 MWko ahala izango luke.

Araban beste parke eoliko bat eraikitzeko bidea hasi du Aixeindarrek. Iberdrolak eta Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez osaturiko elkarteak zortzi aerosorgailu berri jarri nahi ditu Laminoriako lurretan. Hiru udalerriko lurretara hedatuko litzateke parkea: Arraia-Maeztura, Iruraiz-Gaunara eta Donemiliagara. Bultzatzaileen arabera, 40 megawatt argindar sortzeko ahal gordina izango luke azpiegiturak.
Industria Administrazioaren Arabako lurralde ordezkariak atzo eman zuen baimen eskaeraren berri, EAEko aldizkari ofizialean. Tramite burokratikoen lehen pausoa da, eta, jakinarazpen publikoarekin batera, hogei eguneko epe bat hasi zen, norbaitek ingurune horretan bertan antzeko beste egitasmo bat eraikitzeko asmoa duen jakiteko.
Aixeindarrek Araban eraiki asmo duen hirugarren parke eolikoa da Laminoriakoa. Beste biak Labrazakoa eta Azazetakoa dira, eta haien tamaina eta ahal bera du horrek, hala aerosorgailu kopuruari dagokionez, nola ustezko argindar ekoizpenari. Arkamun eta Iturrietan eraiki nahi zituenak, berriz, bertan behera gelditu ziren.
Aldundiak iragan azaroan bultzada eman zion Azazetako parkeari, tramitazio administratiboa bere gain hartu ondoren. Esku hartzeko eskatu zion Iberdrolak abuztuan, egitasmoak ukitzen dituen sei udalen arteko akordioa ezinezkoa zela iritzita. Azkenean, aldundiak bere gain hartu du antolakuntza urbanistikoaren banaketaren diseinua, eta orain, besteak beste, ingurumen inpaktuaren ikerketak enkargatu ahal izango dira.
Kontuan hartzeko moduko aurrekaria da, Laminariako egitasmoak ukitzen dituen hiru herriak Azazetakoaren korapiloaren barnean baitzeuden. Bi parkeak elkarren alboan egongo dira; hortaz, ikusteko dago ea aldundiak nola jokatzen duen orain. Ea aurrekaria aplikatzen duen edo, orduan bezala, hiru hilabeteko epea ematen dien udalei. Eraikuntza epei dagokienez, Azazetakoa 2025erako martxan egotea espero du Aixeindarrek.
44. eskaera
Laminoriako parkearena Hego Euskal Herriko administrazioek mahai gainean duten parke eoliko bat eraikitzeko 44. eskaera da. Nafarroako Gobernua 27 proiektu berri tramitatzen ari da; Eusko Jaurlaritza, beste 11 —Laminoriakoa barne—; eta beste hiru badira, gutxienez, Espainiako Trantsizio Ekologikorako Ministerioan —50 megawattetik gorako instalazioak han tramitatzen dituzte—; Statkraft enpresak iragarritako biak gehitu behar zaizkie horiei. Gehiago ere espero dira, energia eolikoaren sektorea indarra hartzen ari baita 2021etik.
Gaur egun, 44 parke eoliko ari dira lanean Euskal Herrian. 1.400 errota edo poste inguru dira, lurrekoak guztiak, eta mendietan zein landa eremuetan daude. 1.520 megawatteko potentzia dute guztien artean. Beste 44 eskaerak egitasmoetan mamitu ahala eraikiko balira, 1.490 megawatt gehiago erantsiko lituzkete parke berriek eta, beraz, Euskal Herriko indar eolikoa orain halako bi litzateke aurki.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.