Urteko bideoak

2022ko auzi eta gertakari nabarmenen bilduma

Joan den urteko laburpenaren barrenean, auzi eta eztabaidarik nabarmenenak biltzen dituzten bideoen zerrenda ondu du BERRIAk. Euskal Herritik hasi, eta Kongoko Errepublika Demokratikoraino.

Maialen Lujanbio, Bertsolari Txapelketa Nagusiko irabazlea. JON URBE / FOKU
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 4a
11:35
Entzun

Hausnarketa, auzi eta eztabaida ugari utzi ditu atzean 2022. urteak, baita sorpresa eta poz anitz ere. Ibilbide horretan adi egon da BERRIA, eta ikus-entzunezko zenbait pieza ondu ditu. Urteko lehenbiziko bideoetako bat Portu bat hurbilago izenburupean argitaratu zen. Hartan, BERRIAk duela bi urte egindako bidaia baten kronika ageri da: Andaluziako Puerto de Santamariako espetxeetara egindako bidaia batena, zehazki.

«Minbizia hitza lehenengo aldiz entzuten duzunean, badakizu egun hori ez duzula inoiz ahaztuko», dio Min Bizia erreportajeko protagonistetako batek. Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan egindako pieza bat da, non eritasuna hurbiletik bizi duten hiru lagunen testigantzak jaso dituen BERRIAk.

Ikusi gehiago:2022. urteko bideoak

Bideo hunkigarriak ere egon dira 2022an. Martxoan, erraterako, Ukrainatik 26 lagun etorri ziren Euskal Herrira, eta BERRIAk aukera izan zuen haiekin egoteko. Diana Hryhorian izan zen Kiev utzita Euskal Herrira etorri ziren iheslarietako bat, eta harekin solastatu zen BERRIA. Hilabete berean, Maddi Ane Txoperena Iribarren kazetaria Kongoko Errepublika Demokratikoan egon zen, eta hango emakumeek bizi duten egoeraren inguruko erreportajea egin zuen. Alboan gobernuz kanpoko erakundearen arabera, Kongoko Errepublika Demokratikoan 100.000 emakume bortxatzen dituzte urtero.

Apirilean, Euskal Herrira itzuli zen BERRIA, eta zazpi lurraldeetan barrena ibili, Korrikaren inguruko zenbait ikus-entzunezko pieza argitaratu baitzituen. Hirugarren egunean, adibidez, Lara Madinabeitia berriemaile bereziak bideo kronika egin zuen, bezperan zer gertatua zen eta egun horrek zer ekarriko zuen azaltzeko.

Kea dario: Zubietako erraustegiaizenburupean argitaratu zen erreportaje bat maiatzean. Izenak dioen moduan, Zubietako erraustegiaren inguruko hausnarketa egiten da hartan, eta eraikitzeko lanak hasi zirenez geroztik gertatutakoak eta horren ondorioak aztertzen dira.

Ekainean kanpora begiratu zuen BERRIAk bertze behin, Rodrigo Londoño Echeverri 'Timochenko' Kolonbiako politikari eta komandante ohia elkarrizketatu baitzuen. Bertzeak bertze, Petroren garaipenaz, gerrillari ohi eta politikari gisa egin duen ibilbideaz eta Kolonbiaz mintzatzen da bideoan.

Ahomentan atalerako ere ikus-entzunezko pieza interesgarriak ondu ditu BERRIAk, eta horien artean dago Kattalin Barcena eta Amets Aranguren musikariei egindakoa. Elkarrizketa hori izan da urte osoan gehien irakurri direnetako bat, eta bideoek ere arrakasta izan dute.

Urteko bilduma guztietan lekua izan du Irulegiko Eskuak, eta bideoen zerrendan sartzea ere lortu du. Mattin Aiestaran arkeologoari egindako elkarrizketa 2022ko bideorik garrantzitsuenetako bat da. Eskua aurkitu zuenean bizitakoak, zer zen jakitean izandako erantzuna eta ondoren etorritako oihartzun mediatikoa izan zituen hizpide Aiestaranek BERRIArekin.

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren barrenean, buru-belarri aritu ziren BERRIAko zenbait kazetari ikus-entzunezko edukiak prestatzen. Ondutako saioetako batean, Maider Galardi kazetariak izenburua jartzen zion bertso saio bakoitzari. Irungo finalaurreko puntuaketarengatik sortutako gorabeheren inguruan ere mintzatu zen. Txapelketa amaitu zenean, gainera, Maialen Lujanbiorekin solastatu zen BERRIA.

Eztabaidaezina da bertsolaritzak oihartzun handia duela Euskal Herrian, baina zer gertatzen da arlo horretan jarduten ez duten kultura sortzaileekin? Izan ere, Euskal Herriko sortzaile anitzek adierazi dute irla batean eta urez inguratuta sentitzen direla. Auzi horri erreparatu zion BERRIAk urtearen amaieran, eta bost lagun elkartu zituen sortzaileez eta sorkuntzaz mintzatzeko: Dom Campistron, Leire Vargas, Maitane Serrano, Oier Zuñiga eta Gartxot Unsain. Testigantza horiek biltzearen emaitza da Irla den isla dokumentala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.