Energia

Enkarterrin beste parke eoliko baterako proiektua aurkeztu dute

Euskal Haizie enpresak sei haize errota jarri nahi ditu Gordexola, Zalla eta Gueñesko lurretan.

Enkarterrin parke eolikoak jartzearen aurkako ikur bat, Sopuertan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2023ko urtarrilaren 4a
11:42
Entzun

Urtea indarrez hasi dute energia konpainiek. Hiru egun eskasean, bi parke eoliko jartzeko proiektuen berri eman du EAEko aldizkari ofizialak. Asteartean zabaldu zen Aixeindarrek Arabako mendialdean zortzi aerosorgailu jarri nahi dituela, Arraia-Maeztu, Iruraiz-Gauna eta Donemiliagako lurretan. Gaur, berriz, Las Llanas izeneko proiektua argitaratu du aldizkari ofizialak.

Euskal Haizie izeneko enpresarena da. Meñakan du egoitza (Bizkaia), eta Fisterra Energy Galiziako energia konpainiaren adar bat da.

Beste bi proiektu ditu martxan Euskal Haiziek: Cantoblanco (Añana eta Erriberagoiti, Araba), eta Artzentales (Artzentales, Sopuerta, Galdames eta Muskiz, Bizkaia).

Baimena jasoz gero, azken horretatik gertu egongo litzateke Las Llanasko parkea, biak Enkarterrin baitaude, Bizkaiko mendebaldean.

Euskal Haizieren parke eolikoen proiektuen artean txikiena da Las Llanaskoa, jarri nahi dituzten bost haize errotek 36,6 megawatt-orduko (MWh) potentzia baitute. Ilso Eguen eta Rigadas mendien artean egongo lirateke.

Cantoblancon eta Artzentalesen, berriz, Euskal Haiziek zortzi errota jarri nahi ditu, 49,6 megawatt-orduko potentziarekin.

Joan den abenduan, Enkarterrin Parke Eolikorik Ez plataformak mendi martxa bat egin zuen Artzentalesko parkearen aurka. Lau udalerriak proiektuaren aurka azaldu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.