Alderdiak

EAko ildo kritikoko zenbait kideren Twitter kontuak itxi dituzte

EA Bizirik plataformak alderdiko zuzendaritza jo du erruduntzat. Eba Blancok esan du ez duela erantzukizunik afera horretan.

Maiorga Ramirez, kritikoek egindako biltzar batean, otsailean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko urtarrilaren 4a
11:49
Entzun

EAko ildo kritikoko zenbait kideren Twitter kontuak itxi dituztela salatu dute. Horien artean daude afiliazio eten dieten bost kideetako hiru: Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentari eta ildo kritikoko burua, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako EAren koordinatzaile ohia eta Mikel Goenaga Gipuzkoako EAren koordinatzaile ohia. Bestalde, Koldo Amezketa eta Ikerne Badiola alderdikideen kontuak ere itxi dituzte.

Horrez gain, kritikoek salatu dute Azpeitiko (Gipuzkoa) EAren Twitter kontua ere itxi dutela. EAko zuzendaritzak adierazi du, ordea, ez dutela horren inguruko jakinarazpenik jaso. Are gehiago, azaldu dute ikerketa bat egin dutela, eta kontu hura iazko martxotik dagoela itxita. Hala, «fede txarrez» egindako salaketa bat dela adierazi dute.

Oro har, Eba Blanco EAko idazkari nagusiak adierazi du hark ez duela zerikusirik gertatutakoarekin, eta salatu du aferaren harira pairatzen ari den jazarpena ez dela «onargarria»: «Debatearen eta adierazpen askatasunaren alde nago, beti errespetuz».

EA Bizirik plataformak —ildo kritikoko kideek eratua da—, ordea, ez du bat egin Blancok esandakoekin, eta «sorgin ehizan» aritzea leporatu dio zuzendaritzari: «Ahots ezberdinak eta aniztasuna berriro isilarazi nahian hasi du 2023a batzorde exekutiboak». Blancori, berriz, erantzun dio gertatutakoak ez duela bat egiten haren adierazpenekin, eta erantzun bat emateko eskatu dio: «Egia bada ez duzula zerikusirik honekin guztiarekin, bihar goizean zure batzorde exekutiboko kide baten –ondo dakizu zein den– dimisioa iragarri beharko zenuke».

Zenbait txiolarik ere salatu du ildo kritikoko kideen kontuak itxi izana, eta adierazpen askatasunaren aurkako erasotzat jo dute.

Ez da Twitterrek EAko ildo kritikoko kideen kontuak ixten dituen lehen aldia. Martxoan, Ramirezen eta Miren Aranoa EAren Nafarroako koordinatzaile ohiaren kontuak ere itxi zituzten, eta salatu zuten Donostiako eta Zarauzko (Gipuzkoa) EAren kontuak ere itxi zituztela. Orduan, «zentsura eta errepresioa» salatu zituen Aranoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.