Kolonbia
Kolonbiako Gobernuak indargabetu egin du ELNrekin adostutako meniarako ituna
ELNk esan du ez duela «aldebiko su eten baten proposamenik eztabaidatu» gobernuarekin izandako negoziazioetan. Gobernuak gerrillari eskatu dio «egiaztatzeko moduko menia bat aldarrikatzeko».

Kolonbiako Gobernuak bertan behera utzi du ELN Nazioa Askatzeko Armadarekin adostutako aldebiko su etenerako dekretua. Hala jakinarazi berri dute Kolonbiako Barne ministro Alfonso Pradak, Defentsa ministro Ivan Velazquezek eta Bakerako goi mandatari Danilo Ruedak gaur, Nariño jauregian egindako prentsa agerraldian, Bogotan. Gobernuak erabaki hori hartu du, hain zuzen, ELNk gobernuarekin sinatutako sei hilabeterako meniarako lortutako adostasuna ukatu ostean. Gerrillak ohar bidez ziurtatu du ez duela bat egiten Kolonbiako presidente Gustavo Petrok abenduaren 31n iragarritako neurriekin. Hori ikusita, Pradak ELNri eskatu dio «egiaztatzeko moduko su eten bat aldarrikatzeko», lurraldeko eta nekazarien komunitate etnikoen aginduari erantzuteko».
Gobernuaren arabera, denera bost talderekin sinatu zuen menia: gerrillarien aldetik, ELNrekin, FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileetako disidenteen Estatu Nagusi Zentralarekin eta Segunda Marquetaliarekin; paramilitarren aldetik, berriz, AGC Kolonbiako Autodefentsa Gaitanistekin eta Sierra Nevadako taldeekin.
Ikusi gehiago: Petro presidenteak su etena sinatu du bost gerrillari eta paramilitar talderekin
ELNk atzo kaleratutako ohar batean zehaztu zuenez, gobernuarekin negoziatzen aritu den gerrillari talde horretako ordezkaritzak ez zuen «aldebiko su eten baten proposamenik eztabaidatu», eta, beraz, ziurtatu zuen oraindik ez zegoela akordiorik arlo horretan: «Hainbat modutan adierazi dugu ELNk elkarrizketa mahaian adosten dena baino ez duela betetzen. Ezin da akordio gisa onartu gobernuaren aldebakarreko dekretu bat». Zehazki, gobernuaren dekretua «hurrengo zikloan aztertzeko proposamen modukotzat» hartu du ELNk, eta, horrela, hautsi egin du 2022ko amaieran Petrok egindako iragarpena. Izan ere, Kolonbiako presidenteak jakinarazi zuen gobernuak aldebiko su etena lortu zuela gerrilla horrekin eta beste lau talde armatuekin. Dena dela, ELNrekin bake elkarrizketak izan ostean, gobernuko ordezkaritza taldeko buru Otty Patiñok aitortu zuen negoziazio mahaian egindako proposamena izan zela aldebiko su etena, Petrok iragarritakoa, baina inoiz ez zutela «ondoriorik» mamitu.
ELNren iragarpenaren ostean, Kolonbiako Gobernuak jakitera eman zituen bost gerrillari eta paramilitar talderekin sinatutako sei hilabeterako su etenerako dekretuak; zehazki, gobernuak zehaztu zuen ELN ere zerrenda horretan sartuta dagoela. Bide horretan, Defentsa ministroak sinatutako dokumentuak zehazten duenez, «Bakerako goi mandatariak emandako informazioaren arabera, gobernuari eskatu diote, besteak beste, ELNk bere gain dituen lurraldeetan su etena dekretatzeko».
Gisa horretara, dekretuak ezartzen du «gobernu nazionalaren eta ELNren arteko aldebiko su etena urtarrilaren 1etik ekainaren 30era indarrean egotea. Hori bai, gobernuak meniaren iraupena luzatu ahal izango du, «egiaztatzeko mekanismoak egiaztatu ondoren». Hain zuzen, egiaztatze horretan parte hartuko dute Nazio Batuen Erakundeko Egiaztatze Misioak, Amerikako Estatuen Erakundearen Bake Prozesuari Laguntzeko Misioak, Herriaren Defentsa Erakundeak eta Eliza katolikoak. Horrez gain, talde armatu horietako kideen aurkako «operazio militarrak eta polizialak berariaz etengo dira, elkarrizketa mahai bat ezartzea errazteko.
Dokumentuaren arabera, bost gerrillari eta paramilitar taldeen dekretuek «antzekotasunak» dituzte, baina baita «desberdintasunak» ere: alde batetik, Bogotak nahi du ELNrekin eta FARCeko disidenteekin «bake prozesuan parte hartzea eta akordioa betetzeko prozeduren barruan egotea»; Segunda Marquetaliarem, AGCren eta Sierra Nevadako paramilitarren kasuan, berriz, dekretuek «justiziaren mende» egoteaz hitz egiten dute, «estatus politikorik ez dutelako».
Ezohiko goi bilera
ELNren jarrera dela eta, Kolonbiako presidenteak ezohiko goi bilerara deitu zuen atzo Barne ministrorekin, Defentsa ministroarekin eta Bakerako goi mandatariarekin. Bilera horren helburua da gerrillaren iragarpen horren eta gobernuaren hurrengo ekintzen osteko agertoki berria aztertzea. Bestalde, Patiñok azaldu zuenez, meniarako proposamena izango da hurrengo negoziazioetako «lehen gaia». Bogotaren arabera, hilabete honetan bertan hasiko dituzte elkarrizketak, Mexikon.
Azaroaren 4an, Kolonbiako Diputatuen Ganberak eta Senatuak baiezkoa eman zioten erabateko bakearen legeari. Negoziazioen bidez gatazka armatuari irtenbidea eman ahal izatea da legearen helburuetako bat.
Ikusi gehiago: Kolonbiak arautu egin ditu talde armatuekiko bake elkarrizketak
Petrok bozak irabazi aurretik, «erabateko bakea» lortzeko proposamen bat aurkeztu zuen hauteskunde kanpainan, erakunde armatu eta politikoekin bake elkarrizketak hasteko eta herrialdeak 50 urte baino gehiagoz jasandako «sarraskia» amaitzeko. Gatazkak gutxienez, 500.000 lagun hil ditu, eta milioika desplazatu eragin ditu, nazioarteko behatzaileen arabera.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.