Txinatik datozen bidaiariei COVID test negatiboak eskatzea gomendatu du EBk

Txinan 30.000 pertsona baino gehiago hil dira COVID-19agatik, Pekinek esan duenez. OMEk «zalantzak» adierazi ditu Txinak helarazitako datuen inguruan.

Pekingo kale bat, atzo. MARK R. CRISTINO / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko urtarrilaren 4a
14:33
Entzun

Txinan izaten ari den COVID kasuen gorakadaren aurrean, handik iristen diren bidaiariei COVID test negatiboak eskatzea gomendatu du Europako Batasunak. Gainera, test hori bidaiaria EBra iritsi aurreko 48 orduetan egina egotea nahi du. IPCR Krisiari Erantzun Politiko Bateratua mekanismoak gaur egin duen bileran adostu du «zuhurtziaz» jokatzea gai horretan, aintzat hartuz igandetik aurrera bidaiatzeko neurriak arindu egingo dituztela Txinan eta datu «fidagarri» gehiagoren beharra dutela argudiatuta. EB barruko erakundeetako ordezkariak, estatu kideetakoak eta osasun arloko zenbait aditu biltzen ditu IPCRk.

Europako Batasuneko herrialde gehienen asmoa zera da, Txinatik talde komunitarioko estatuetara iritsi nahi duten bidaiari guztiei COVID test bat eskatzea Txinatik bertatik atera baino lehen. Neurri hori ezartzeko asmoa dutela jakinarazi zuen atzo Stella Kyriakides Europako Batzordeko Osasun komisarioak, EBko estatuetako osasun adituekin batzartu eta gero. Kyriakidesek Twitterren idatzi zuenez, beste neurri batzuk ere adostu dituzte: higiene neurriak gomendatzea bidaiariei, Txinatik EBranzko bidea hartzen duten hegaldietako bidaiariei maskara janztea aholkatzea, hegazkinetako ur zikinak kontrolatzea eta, besteak beste, aireportuetan birusaren aldaera berrien sarrerari erreparatzea.

Izan ere, bidaiak egiteko modua eman du zero COVID estrategiaren neurri asko kendu izanak, herritar ugariren protesten ostean. Azken astean 50 milioi txinatarrek baino gehiagok bidaiatu dute —bidaien %60 inguru herrialdean bertan izan dira—. Hori ikusirik, EBko estatu kideen neurrien arteko «koordinazioa» eskatu du Europako Batzordeak, eta horren ondorioa da gaur egin gogo duten bilera.

Neurri batzuk, martxan

EBko hainbat estatu kide hasiak dira zenbait neurri hartzen, eta OMEko zuzendari nagusiak babesa helarazi die neurri horiek indarrean jarri dituztenei. Belgikan, esaterako, Txinatik joandako hegazkinen estoldetako urak aztertuko dituzte, COVIDaren aztarnarik ba ote den, eta mutaziorik sortu ote den jakiteko. Gainera, ondoezik sentitzen diren bidaiariei probak egingo dizkiete COVID-19a atzemateko. Frantziako Gobernuak herritarrei eskatu die Txinara ez bidaiatzeko «ezinbestekoa ez bada», eta Txinaren eta Frantziaren arteko hegaldietan maskara erabiltzera behartu du. Eliseoak gaur jakinarazi du Txinatik Frantziara atzo hegazkinez joan ziren hiru bidaiaritik batek positibo eman zuela.

Espainiako Gobernuak, berriz, bidea ireki dio COVID-19aren test negatiboak edo txertaketa ziurtagiria eskatzeari Txinatik hara joandako bidaiariei. Are, Italia hasia zaie testak eskatzen bidaiari horiei, eta antzeko neurriak hartzen hasiak dira Erresuma Batuan, AEB Ameriketako Estatu Batuetan, Hego Korean, Indian, Kanadan eta Japonian.

Txinaren datuen gaineko «zalantzak»

Txinako Gobernuak OME Osasunaren Mundu Erakundeari emandako informazioaren arabera, 31.914 lagun hil dira Txinan COVID-19aren ondorioz pandemia hasi zenetik. Guztira hamar milioi pertsona baino gehiago kutsatu dira birus horrekin, Pekinen arabera. Abenduaren amaieran zero COVID estrategiaren neurri gogorrenak kendu ostean, kasu positiboen kopuruak nabarmen egin zuen gora Txinan, eta, orduan, Pekinek COVID-19aren inguruko informazio eguneratua argitaratzeari utzi zion. Atzo, ordea, Txinako Gobernuko eta OMEko ordezkariak elkartu ziren, eta bileraren ostean eguneratu zituzten datuak. Bileraren aurretik, Txinako datu ofiziala hau zen: COVID-19ak 5.253 hildako eragin dituela. Bileraren ostean Pekinek esandakoaren arabera, ordea, ia 32.000 izan dira hildakoak. Txinak 1.400 milioi biztanle baino gehiago ditu.

Michael Ryan OMEko Osasun Larrialdien zuzendariak «zalantzak» adierazi ditu Txinak helarazitako datuen inguruan: «Uste dugu Txinak egun argitaratzen dituen datuek ez dutela islatzen gaixotasunak ospitaleratzeetan eta, bereziki, heriotzetan oraintxe duen eragina». Hain zuzen, hainbat osasun langilek eta probintzietako agintariek helarazi izan dituzten datuak ez datoz bat Pekinek argitaratutakoekin. Airfinity osasunarekin loturiko datuak biltzen dituen enpresa britainiarraren arabera, litekeena da egunean 9.000 lagun hil izana Txinan COVID-19aren ondorioz.

Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur nabarmendu du Txinak datuak eta informazioa trukatu dituela OMErekin, «era arduratsuan». Txinako Osasunaren Batzorde Nazionaleko bozeramaile Mi Fengek ere esan du Pekinek «jokabide garbi eta gardena» izan duela pandemiaren hasieratik. Hala ere, Tedros Adhanom OMEko zuzendari nagusiak ospitaleratzeen eta heriotzen «datu azkarragoak eta sinesgarriagoak» eskatu dizkio Pekini.

Azken hilabetean Txinan positibo eman duten hainbaten 2.000 genoma baino gehiago ikertu ditu OMEk, eta nabarmendu du ez duela COVID-19aren ageriko mutaziorik atzeman. OMEren arabera, Txinako kutsatzeen %97,5 Europan hedatuta dauden COVID-19aren mutazio eta aldaeren bidez gertatu dira.

Hala ere, OMEk ohartarazi du omikronaren azpialdaera baten hazkundea identifikatu duela Europan eta AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Ze arriskua duen ikertzen ari dela esan du erakundeak.

Ningek gaitzetsi egin ditu herrialde horien neurriak, eta «pandemiaren politizaziorik» ez egiteko eskatu die. Atzo nabarmendu zuen neurri horiek ez dutela oinarri zientifikorik, eta «onartezinak» direla: «Ez lituzkete mugatu beharko pertsonen arteko ohiko komunikazio eta kooperazioak». Gainera, adierazi zuen «horien kontrako neurriak» ezarriko dituztela, «elkarrekikotasunaren printzipioan oinarrituta».

Aire konpainiek ere kritikatu egin dituzte Txinako bidaiariei hainbat herrialdek ezarri dizkieten murrizketak. IATA Aireko Garraioaren Nazioarteko Erakundeko —munduko hegazkin konpainia gehienak biltzen ditu— zuzendari nagusi Willie Washek adierazi du neurri horiek ez direla eraginkorrak izango, eta hegazkinetan badaudela lehenagotik «pandemia kudeatzeko tresnak». Gaineratu du, ohar baten bidez, murrizketek kalte egingo diotela ekonomiari, eta lanpostuak suntsituko dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.