Merkataritza elektronikoa

Amazonek 18.000 langile kaleratuko ditu aurten

LABen arabera, erabakiak ez du eraginik izango Trapagarango zentroan, Euskal Herrian duen bakarrean.

Amazoneko langile bat, multinazionalak Espainian duen logistika zentro batean. JAVIER BELVER (EFE)
jokin sagarzazu
2023ko urtarrilaren 5a
12:58
Entzun

Amazon merkataritza teknologikoko enpresa erraldoiak 18.000 langile kaleratuko ditu aurten, lantaldearen %2 inguru, Andy Jassy zuzendariak ohar batean azaldu duenez. Azaroan, 10.000 kaleratze iragarri zituen enpresak, eta beste 8.000 gehitu ditu orain. Multinazionaleko buruak zehaztu duenez, kaleratze gehienak zuzendaritza eta berrikuntza arloetan egingo dira —batez ere AEBetako bulegoetan—, eta Amazonek mundu osoan dituen dendetan.

Euskal Herrian ez du saltoki fisikorik, eta duen zentro bakarra logistikakoa da, Trapagarangoa (Bizkaia), 113 langilekoa. Zentro horretako sindikatu nagusi LABek ez du kaleratzerik espero. Ezkerraldeko zerbitzuen arduradun Gotzon Mardaratsek esan duenez, ez dute inolako berririk jaso, eta gogorarazi du aurreko udan handitu egin zutela lantaldea. LABeko kideak gogorarazi du Amazon «milioi askoko irabaziak» dituen enpresa bat dela, eta lanpostuei eutsi ahal diela, «baita duindu eta askoz hobeto ordaindu ere».

Horren harira, gogoratu du hitzarmen propioa lortzeko negoziazio betean daudela Trapagarango zentroan, baina elkarrizketak blokeatuta daudela, zuzendaritzaren «egoskorkeria» dela eta. Egoera salatzeko bi greba egun egin zituzten abenduan, eta LABek enpresa salatu du, langileen eskubideak urratzeagatik. Enpresa batzordea urtarrilaren 18an bilduko da zuzendaritzarekin, eta langileak urtarrilaren amaieran batzartuko dira egoera aztertzeko; oraingoz, ez dute greba gehiago egitea aurreikusten.

1,5 milioi langile

Irailaren amaieran, Amazon taldeak 1,54 milioi langile zituen mundu osoan, Black Friday eta Eguberrietarako kontratatzen dituen langileak kontuan hartu gabe. Pandemian, kontratazio masiboak egin zituen eskaera handiari erantzuteko, eta langileen kopurua bikoiztu egin zuen 2020tik 2022ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.