Alderdiak

Kritikoek EAri exijitu diote Twitterri eskatzeko haien kontuak berriz aktibatzeko

EAko ildo kritikoko zenbait kideren Twitter kontuak itxi dituzte, eta haiek alderdiko zuzendaritza jo dute erruduntzat.

EAko kritikoen agerraldia, gaur, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2023ko urtarrilaren 5a
15:36
Entzun

Maiorga Ramirez du buru sektore kritikoak, eta eskaera bat egin dio Eusko Alkartasunako zuzendaritzari: ziurtagiri bat igor diezaiola Twitter sare sozialari argitzeko alderdi hori ez dagoela kritikoen kontuen aurka, eta eskatzeko bertan behera utzi diren kritikoen kontuak atzera aktibatzeko. EAko idazkari nagusi Eba Blancori eskatua diote hori, Ramirezek berak gaur jakitera eman duenez. EAk, ordea, ohar batean kritikoei leporatu die adierazpen askatasuna «manipulatzea» eta «desinformazio kanpainak» egitea, eta salatu dute «urteak» daramatzatela «jazarpena eta gezurrak» jasaten. Ertzaintza eta Udaltzaingoa «jakinaren gainean» jarri dute EAko kritikoek, haien TW kontuekin gertatutakoaz, eta «ahotsa berreskuratzeko behar diren ekinaldiak» egingo dituztela esan du EH Bilduko Nafarroako parlamentariak.

EAko ildo kritikoko zenbait kideren Twitter kontuak itxi dituztela salatu zuten atzo. Horien artean daude afiliazio eten dieten bost kideetako hiru: Maiorga Ramirez Nafarroako parlamentari eta ildo kritikoko burua, Iratxe Lopez de Aberasturi Arabako EAren koordinatzaile ohia, eta Mikel Goenaga Gipuzkoako EAren koordinatzaile ohia. Bestalde, Koldo Amezketa eta Ikerne Badiola alderdikideen kontuak ere itxi dituzte.

Horrez gain, kritikoek salatu zutenez, Azpeitiko (Gipuzkoa) eta Zarauzko (Gipuzkoa) EAren Twitter kontuak ere itxi dituzte. EAko zuzendaritzak adierazi du, ordea, ez dutela horren inguruko jakinarazpenik jaso. Are gehiago, azaldu dute ikerketa bat egin dutela, eta kontu horiek iazko martxotik daudela itxita. Hala, «fede txarrez» egindako salaketa bat dela adierazi dute.

«Demokratizazioaren aldekoak isilarazi»

Ramirezek azaldu du «EA demokratizatu nahi dutenen ahotsa isilari nahian» dabiltzala. Kritikoen helburua da, haren arabera, EA «izaera propioarekin» parte hartzea EH Bildu koalizioaren barruan. Txori urdinaren sare sozialeko kontuen «kopuru garrantzitsu bat» bertan behera utzita egin dute «batzuk isilarazteko» saio hori, EAko afiliazioa galdu duen politikariaren esanetan; kontu horietako batzuk EH Bilduko kargudunak direla ere gogorarazi du.

Lopez de Aberasturi eta Eusko Alkartasunako beste kide kritiko batzuekin batera azaldu da prentsaren aurrera Ramirez, eta helarazi dute TWeko kontuak bertan behera uztea «ekintza sinkronizatua, koordinatua eta ordu gutxian egina» izan dela, eta ez diela soilik eragin «barne jazarpena jasotzera ohituak daudenei». Beste zenbaiten kontuak ere galarazi dituzte, Ramirezek esan duenez: «EA demokratizatzeko bokazioa jendaurrean azaldu dutenenak»; eta Koldo Amezketa aipatu du, Nafarroako Parlamentuko presidente ohia.

EAk dio ez duela zerikusirik

Eba Blanco EAko idazkari nagusiak adierazi zuen atzo, hark ez duela zerikusirik gertatutakoarekin, eta salatu du aferaren harira pairatzen ari den jazarpena ez dela «onargarria»: «Debatearen eta adierazpen askatasunaren alde nago, beti errespetuz».

EA Bizirik plataformak —ildo kritikoko kideek eratua da—, ordea, ez du bat egin Blancok esandakoekin, eta «sorgin ehizan» aritzea leporatu dio zuzendaritzari: «Ahots ezberdinak eta aniztasuna berriro isilarazi nahian hasi du 2023a batzorde exekutiboak».

Ez da Twitterrek EAko ildo kritikoko kideen kontuak ixten dituen lehen aldia. Martxoan, Ramirezen eta Miren Aranoa EAren Nafarroako koordinatzaile ohiaren kontuak ere itxi zituzten, eta salatu zuten Donostiako eta Zarauzko (Gipuzkoa) EAren kontuak ere itxi zituztela. Orduan, «zentsura eta errepresioa» salatu zituen Aranoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.