Gabonak

Betiko desfileen berotasuna

Harrera beroa egin diete Errege Magoei Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Iazko mugak eta gero —Bilbon ez zuten desfilerik egin—, betiko itxura hartu dute hirietako kaleek.

Errege Magoak, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Unai Etxenausia (Gasteiz) - Olatz Silva (Bilbo)
2023ko urtarrilaren 5a
20:48
Entzun

Laster iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar ekialdetik ekarriko dituen trena», entzun da tren geltokiko bozgoragailuetatik, behin eta berriz. Pandemiak eragindako bi urteren ondoren, Errege Magoek ilusioa ekarri diete Gasteizko umeei. Izan ere, hiriko tren geltokian egiten zaien ongietorria berreskuratu dute. Goizean goizetik bertan izan dira hainbat familia. Gurasoek neguko hotza barruraino sartzen zaiela sentitu duten bitartean, Errege Magoak behingoz iristea besterik ez dute nahi eskariz betetako eskutitza eskuan daukaten umeek.«Urduri gaude», oihukatu du barandaren atzeko lehen lerroan zegoen lagun talde batek. Zain daude; oso urduri. Eta Errege Magoak ikusteko ilusioa nabari zaie aurpegietan.

Errege Magoen ohiko ekitaldi eta desfileak berreskuratu dituzte gaur Euskal Herriko hiriburu nagusietan. Jendeak gertu sentitu ahal izan ditu Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Haiek ukitu eta besarkatu dituzte, eta haiekin hitz egin dute. Ez da izan pandemiak eragindako mugarik. Bilbon iaz ez zuten egin Errege Magoen desfilerik; gaur, bai. Ikuskizunez bete dira hiriak, inolako murrizketarik gabe.

11:00etan puntu-puntuan, Gasteizko tren geltokira iritsi dira hiru izarrak, euren laguntzaileekin batera. Poztasun garrasi artean hartu dituzte itxaroten ari diren ehunka pertsonak. Txarangak jo dituen gabon kantak entzun dira oihuen azpitik. Haur askoren aurpegietan nabaritu daiteke Errege Magoak ikusi dituzten lehen aldia dela. «Meltxor, Meltxor, Meltxor...». Haren izena izan da haurrek gehien errepikatu dutena.

Buruan koroa bana dutela, idoloen zain daude Cayetana Peñafiel eta Clara Aguado. Ez dira ados jarri, ordea, euren errege gogokoena zein den erabakitzeko unean. «Meltxor da guztietatik gehien gustatzen zaidana», esan du Peñafielek, inongo zalantza izpirik gabe. Aguadorentzat, aldiz, Baltasar da «hiruretatik onena». Eskutitzetan eskatu dietena ere kontatu dute bi lagunek. Peñafielek ez du jostailurik desira, beraz, objektu bat eskatu beharrean, «poztasuna eta bakea» nahi dituela idatzi die gutunean. Poztasuna ere eskatu du Aguadok, baina pelikula bat nahi duela gehitu du idatzian.

Geltokitik atera eta inguruan dagoen jendea agurtu ondoren, auto klasikoetara igo dira Errege Magoak. Dato kalea zeharkatu, eta udaletxera iristea dute helburu. Mezulariei, opariz betetako traktore bati, txarangari eta Cal y Canto konpainiaren Haizearen lorategia ikuskizunari esker, entretenituta egon dira kalearen izkinak betetzen dituzten haurrak.

Eskutitzak jasotzen, eta, aldi berean, jendea agurtzen pasa dute ibilbidea Errege Magoek, haien laguntzaileekin batera. «Ez egin korrika, garaiz iritsiko gara erregeen agurrera», esan dio aita batek semeari. Izan ere, udaletxeko balkoi nagusitik eskaini duten agurra ikusteko desiratzen dago semea.

Plaza Berria jendez gainezka dago Errege Magoak iritsi zirenerako. Gorka Urtaran alkateak harrera egin die udaletxeko balkoira igo aurretik. Lehen lerroan, erregeen hitzak entzuteko itxaroten dago Vicente Perez, seme-alabekin batera. Urtero legez, eta azken bi urteetan pandemiak planak baldintzatu bazizkion ere, eguneko ekitaldi guztiez gozatzea da Perezen asmoa: «Erregeek beti esaten dituzte oso gauza interesgarriak. Entzun ondoren, Goiuri jauregira joango gara gutunak ematera». Hain justu, ekologismoaz, elkartasunaz, berdintasunaz eta beste hainbat gairi buruz hitz egin dute erregeek. Hori bai, aurten ere gazteleraz esan dituzte gauza gehienak.

Jarraian, Errege Magoak Goiuri jauregira joan dira, haurrei harrera egitera. Elkartutako haurren eskutitzak banan-banan jaso dituzte han. Denetik eskatu dute haurrek: «bideojokoetan jolasteko aulki bat» batek, «mahai jokoak» besteak, «patineteak» batek baino gehiagok, «baloiak» zenbait neska-mutilek...

Errege Magoak 18:00ak arte egon dira jauregian. Ordubete geroago ekin diote desfileari. 300 lagunek baino gehiagok hartu dute parte bertan.

Bilbon, zirkua

Gabonetako argiz jantzitako suhiltzaileen kamioiak eman du abisua Bilboko Kale Nagusian. Sirena hotsak jendea ohartarazi du: batatoz Errege Magoak. Kale Nagusi osoa zeharkatu du zirkuan oinarritutako desfileak, eta Kale Nagusi osoa bete du jendeak. Carla Mendoza gurasoekin eta Irune eta Martin neba-arrebekin joan da Errege Magoak ikustera. «Ez dut ezer eskatu, sorpresa», esan du Mendozak. Bera bezala, beste hainbat haur hurbildu dira desfilera. Ume batzuk edukiontzien gainean daude jesarrita. Beste batzuk, berriz, bankuetara igota.

Musikariek girotu dute ibilbidea, Ran Robe Ran bezalako abestiekin. Haien atzetik, airez betetako zaldiak doaz, hiru metrokoak. «Ikusi dituzu zaldiak, Martin?», aita batek semeari. «Ama, begira zaldiak!», haur batek gurasoari. Zaldiez gain, tximeletak hara eta hona dabiltza, patinete elektrikoetan igota. Eta pinguinoak, hipopotamoa eta jirafa ere badaude.

Zirkuaren ostean, Errege Magoen txanda izan da. Gogotsu oihukatu dituzte haien izenak haurrek. Bakoitza karroza batean igota joan da, musuak bidaliz. Lehenengo, Meltxor; gero, Gaspar; eta, azkena, Baltasar.

Erregeak igaro direnean, edukiontzietara igotako haurrak korrika jaitsi dira: goxokiak botatzen zituen karrozaren ordua da. «Ea baten bat hartzen duzuen» , esan dio ama batek beste bati.
Udaletxeko eskaileretako alfonbra gorria igaro dute Errege Magoek, eta balkoitik mundu guztiarentzako bakea eskatuz amaitu dute desfilea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.