Politika

«Aro demokratiko berria» irekitzera deitu du EH Bilduk, autonomia estatutuak «agortuta» daudelako

Nazio batzarra egin du EH Bilduk Bilbon. Euskal presoen aurkako «salbuespen legedia» atzean uzteko garaia dela esan du Bakartxo Ruizek, eta arratsaldeko manifestaziora joateko deia egin du.

Bakartxo Ruiz gaur, Bilbon, EH Bilduren nazio batzarrean. ARITZ LOIOLA
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 7a
13:04
Entzun

Nazio batzarra egin du gaur EH Bilduk Bilbon, urte berriaren erronka nagusiak finkatzeko. Han hitz egin du Bakartxo Ruiz EH Bilduren Mahai Politikoko bozeramaileak. 1978an diseinatutako esparru konstituzional eta autonomikoa «agortua» dagoela esan du Ruizek, ez duelako balio egungo gizartearen beharrak asetzeko: «Egungo markoak zapaldu eta estutu egiten gaitu herri gisa gure erabaki propioak hartzeko orduan». Hain justu, kritikatu du autonomia estatutuak «agortuta» daudela, eta beharrezkoa dela «aro demokratiko berria» irekitzea. «Geure erabaki propioak hartzeko mugak eta oztopoak etengabekoak dira arlo ekonomiko eta sozialean. Euskal Herriak herri justu, duin eta demokratikoa izateko behar dituen sakoneko eraldaketak egiteko, trantsizio ekologikoari heltzeko, pertsona guztien eskubideak bermatzeko beste marko bat behar dugu».

Ruizen esanetan, ez dago estatutu eta foru hobekuntzaren urtemugak ospatzeko motiborik; kontrara, Euskal Herriaren nazio izaera onartzeko garaia dela adierazi du. Herritarren «borondatea» muga bakarra izango duen aroa zabaltzera deitu du EH Bilduko ordezkariak, eta horretarako, ezinbestekotzat jo du hauteskundeetan koalizioak babes zabala lortzea.

Sarek gaur arratsaldean presoen alde deitutako manifestazioan izango da EH Bildu, eta hori ere hizpide izan du Ruizek. Herritarrak animatu ditu Bilbora joateko, eta esan du presoen auzian «ziklo berri bat» irekitzeko garaia dela, «salbuespen legediaren traba guztiak» atzean utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.