Espainiako Kopa

Alaves-Sevilla, Betis-Osasuna, Reala-Mallorca eta Athletic-Espanyol, final-zortzirenetan

Alavesek, Realak eta Athleticek etxean jokatuko dute; Osasunak, aldiz, Sevillan. Partida bakarra jokatuko dute kanporaketa honetan ere, eta fase berri honetatik aurrera VAR-a izango da partida guztietan.

Ruben Peña eta Momo Cho Realaren eta Osasunaren arteko derbian, Anoetan. JAVIER ETXEZARRETA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 7a
16:45
Entzun

Zortea alde izan dute Realak eta Athleticek Espainiako Kopako final-zortzirenetako zozketan. Bi taldeek etxean jokatuko dituzte partidak: Txuri-urdinek Mallorca hartuko dute, eta zuri-gorriek, berriz, Espanyol. Alavesi eta Osasunari, ordea, izkin egin die zorteak. Mendizorrotzan arituko den arren, Sevillaren bisita jasoko du Alavesek. Osasuna izango da etxetik kanpo jokatuko duen euskal talde bakarra. Benito Villamarinen arituko da, Betis azken txapeldunaren etxean. Urtarrilaren 17an,18an eta 19an jokatuko dira final-zortzirenetako partida guztiak, eta fase berri honetatik aurrera VAR-a erabiltzeko aukera izango dute epaileek.

Valladolid kanporatu ostean, Alaves Lehen Mailako talde baten aurka aritu beharko da beste behin, maila apalago batean jokatzen baitu. Sevilla izango du aurkari, gaur egun oso une txarrean dagoen taldea. Hala ere, azken urteetan maila altuan aritu da ligan zein Europan, eta oso aurkari zaila izango da Luis Garcia Plazaren taldearentzat.

Realak eta Athleticek talde handienak saihestu dituzte, eta etxean jokatuko dute biek. Javier Aguirreren Mallorca izango da donostiarren aurkaria. Bi taldeek urrian jokatu zuten ligan elkarren aurka, eta orduan Realak irabazi zuen (1-0). Athleticek, berriz Espanyol izango du aurkari. Diego Martinezen taldea bolada onean murgilduta dago geldialditik bueltatu denetik. Ligako lehen partidan berdindu egin zuen Bartzelonako derbian (1-1), eta Celta kanporatu zuen Kopan, orain arte Lehen Mailako taldeen artean jokatu den partida bakarrean.

Osasunak, aldiz, ez du zortea alde izan. Gorritxoak Benito Villamarinen arituko dira Betisen aurka, Kopako azken txapeldunaren etxean. 2005ean elkarren aurka jokatu zuten Kopako finala, eta orduan Betisek irabazi zuen (2-1). Bestalde, etxetik kanpora arituko dira Jagoba Arrasaterenak enegarrenez. Espainiako Kopak arautegi berria duenetik Osasunak ez du partidarik jokatu Sadarren. Betisen aurkakoa hamabosgarren partida izango du jarraian etxetik kanpo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.