AEB-ak

McCarthyren izendapenak agerian utzi du errepublikanoen barne zatiketa

Politikari beteranoak lau egun eta hamabost bozketa behar izan ditu AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente bilakatzeko. Horretarako, amore eman behar izan du eskuin muturreko alderdikide batzuen eskarien aurrean.

Kevin McCarthy (ezkerrean), AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente hautatu berritan, Washingtonen. MICHAEL REYNOLDS / EFE
ander perez zala
2023ko urtarrilaren 7a
16:58
Entzun

Hamalaugarren bozketa galdu ondoren, Matt Gaetz alderdikidearengana joan da Kevin McCarthy, haren alde egin beharrean «hemen nago» —abstentzioaren baliokidea— bozkatzeagatik. McCarthyri boto bat falta zitzaion AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidente aukeratua izateko, eta uste zuen baietz, hamalaugarren saiakeran lortuko zuela kargu hori; ez da hala izan, eta, haserrea ezkutatuta, Gaetzengana hurbildu da, hura konbentzitzen saiatzera, beste ordezkarien eta kameren aurrean. McCarthy ez da pozik itzuli bere postura, eta, une horretan, Mike Rogers errepublikanoa, oso haserre zegoela, izan da Gaetzi errieta bota diona.

Azkenean, McCarthyk hamabost bozketa behar izan ditu AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente kargua lortzeko. Lau egun, hamabost bozketa eta Donald Trump estatuburu ohiaren laguntza. «Hau erraza izan da, e?», esan du kargudun berriak, barrezka, bere postura iritsi denean. «Kontua ez da nola hasten zaren, nola amaitzen duzun baizik. Eta orain sendo amaitu behar dugu amerikarrentzat».

AEBetako Ordezkarien Ganberako presidente hautatuak amore eman behar izan du Askatasunaren Taldean bildutako Alderdi Errepublikanoko eskuin muturreko kideen eskarien aurrean, kargu hori lortze aldera. Errepublikanoek aulkien gehiengo osoa eskuratu zuten iragan azaroko bozetan, 435 eserlekutik 222 bilduta, baina aldea handiagoa izatea espero zuten, eta egunotan behe ganberan izandako bozketa sortak agerian utzi du datozen bi urteak barne gatazkaz eta zatiketaz beterikoak izango direla Alderdi Errepublikanoarentzat.

Besteak beste, McCarthyk onartu egin behar izan du Ordezkarien Ganberako presidentearen kontrako zentsura mozio bat abiatzeko araudia aldatzea: orain, ordezkari bakar batek sustatu ahalko du, eta horrek kolokan jarri du kargudun berriak luze irautea postu berrian. Gainera, errepublikano kontserbadoreenek ordezkaritza handituko dute Ganberako Arauen Batzordean, lege proiektu edo proposamen bat noiz eta nola bozkatu, eta nola aldatu zehazten duen komitean.

«[Ordezkarien Ganberako] Presidenterik ahulena izango da. Arazoa da erakundea oro har ere ahuldu duela. Hori guztia, presidente kargua nahi duelako, baina botererik edo erantzukizunik gabe», esan du, oso kritiko, Ruben Gallego ordezkari demokratak. Izan ere, postu hori lortzeko, McCarthyk ahuldutzat ikusi du Ordezkarien Ganberako jarduna kontrolatzeko izango zukeen boterea.

Testuinguru horri egin beharko dio aurre Joe Biden herrialdeko presidenteak ere. Demokratek soilik Senatuaren kontrola dute, eta errepublikanoekin lan egin beharko dute lege proiektuak onartzeko. Horretaz, Bidenek esan du prest dagoela elkarlanerako, baina marra gorri batzuk ere finkatu ditu: «Beharrezkoa da garapen ekonomikoan sakontzea, eta ez atzera egitea; baita gizarte segurantza eta Medicare [osasun laguntza] babestea ere, horiek ebaki beharrean. Horiek dira aurrean ditugun hautuetako batzuk».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.