Almeria 0-2 Reala

Olatuaren gainean dirau Realak

Txuri-urdinek Almeriari irabazi diote Silvak eta Sorlothek bigarren zatiaren hasieran sartutako golei esker. Sailkapen nagusian hirugarren postuan diraute.

Realeko jokalariak Silvaren gola ospatzen, gaur, Almerian. CARLOS BARBA / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 8a
16:14
Entzun

Bizitzen ari den une gozoan, zaila da Realak huts egitea. Eta, gainera, hori da taldeak hasiera-hasieratik azkenera arte ematen duen sentsazioa. Gaurkoan Almeria izan da biktima: txuri-urdinek 0-2 irabazi dute Mediterraneoko Jokoen estadioan, David Silvak eta Alex Sorlothek egindako golei esker.

Hamaikakoan Brais Mendezen falta izan da nabarmenena. Realaren golegilerik onenari bosgarren txartel horia erakutsi zioten Osasunaren aurka, eta zigorra bete behar izan du gaur. Imanolek ez du aldaketa handirik egin, eta Asier Illarramendi sartu du galiziarraren lekuan. Zelai erdian ezkerretik jokatu du Mutrikukoak, eta eskuinera igaro da Merino, Braisen postura. Gainontzean, aurreikusitako hamaikakoa zelairatu du Orioko prestatzaileak.

Hasieran, kosta zaio Realari neurketan sartzea. Erasoan presaz jokatu dute txuri-urdinek, eta aise jokatu du Almeriak, kontraerasoan bere aukerak baliatu nahian. Denborak aurrera egin ahala, ordea, partida nahi zuten lekura eraman dute donostiarrek, eta geroz eta aukera argiagoak sortzen hasi dira. Illarrak izan du onena, buruz, baina ez du asmatu errematean.

Hasiera indartsua

Bigarren zatia, ordea, beste erritmo batekin hasi dute. Hasi eta minutura, Take Kubok egin du jokaldia hegaletik eta haren erdiraketa sareetara bidali du Silvak. Hasiera batean gola baliogatu du marrazainak, baina VAR-ean gainbegiratu eta gero, ontzat jo du Alberola Rojas epaileak.

Bost minutu geroago, Sorlothek zulatu du Almeriaren atea, Merinoren pase bat baliatuta. Norvegiarrak sekulako kanoia du ezkerreko hankan, eta momentu gozoa bizitzen ari da. Aurten ligan sartu duen seigarren gola izan da gaurkoa. Silvarena, lehenengoa (Europa Ligan sartu zuen bat).

Hortik aurrera, neurketa kontrolpean izan du Realak. Oiartzabalek eta Navarrok izan dituzte errenta handitzeko aukera argiak, baina ez dute asmatu, eta azken-azkenean Almeriak izan du gerturatzeko aukerarik; argienak, geldikako jokaldietan.

Gauzak horrela, 32 puntu ditu Realak, eta geroz eta sendoago dago hirugarren postuan. Datorren astean, Athleticen aurkako derbia Anoetan.

Almeria: Fernando; Mendes (Pozo, 75. min), Ely, Babic, Akieme; De la Hoz, Robertone (Vinicius, 66. min), Melero; Ramazani (Sousa, 66. min), Luis Suarez (Embarba, 55. min) eta Toure (Portillo, 66. min).

Reala: Remiro; Aritz, Zubeldia, Le Normand, Rico; Zubimendi, Illarra (Gebara, 81. min), Merino (Marin, 72. min), Silva (Navarro, 81. min); Kubo (Oiartzabal, 72. min) eta Sorloth (Ander Martin, 86. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.