Feminismoa

«Konpromiso feminista berritu» nahi dute 'Emakumeak' kongresuan urtarrilaren 17tik 20ra

Ekonomia feministaz, askatasun afektibo-sexualaz eta agenda feministaz mintzatuko dira jardunaldietan.

Patricia Campelo Berdintasun Zuzendaria eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatua. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 9a
12:16
Entzun

«Emakumeok behar eta nahi dugunari erantzuten dio». Horrela definitu du Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Inklusio eta Berdintasun diputatuak Emakumeak kongresua. Azaldu du jardunaldietan hizpide izanen dituztela ekonomia feminista, askatasun afektibo-sexuala eta agenda feminista. Horretarako, 30 emakume baino gehiago gonbidatu dituzte, profil anitzetakoak: pentsalariak, artistak, kazetariak, irakasleak eta aktibistak.

Ekitaldiak hilaren 17tik 20ra bitarte izanen dira, Bilboko Euskalduna jauregian. «2022ko maiatzaz geroztik emakumeen egiturazko desberdintasunari eragiten dioten gaiei buruz egin ditugun jardueren amaiera da», erran du Laespadak. Izan ere, dagoeneko ekitaldi, jarduera eta topaketa anitz egin dituzte kongresuaren barnean. Landutako gaien artean daude, adibidez, emakumeak herri kiroletan, emakumeak eta ikusgarritasuna, eta publizitatean dagoen sexismoa –hilaren 29a bitarte ikusgai dago erakusketa, Bilboko Alde Zaharrean–.

Kongresuaren bidez «konpromiso feminista berritu» nahi dutela azaldu du Laespadak, eta «protagonismoa» emakumeena izanen dela: «Ideia guztientzako espazio libre bat izango da». Azpimarratu du ezen, emakumeak gizartearen erdia badira ere, espazio publikoan leku gutxiago dutela, eta emakumeak espazio guztietan daudenean baino ez dela lortuko «benetako berdintasuna».

Egitarauan ageri diren jarduerez gain, bertze zenbait espazio ere egonen dira kongresuan: azken hilabeteetako lana ikusteko erakusketa bat, Bizkaiko hainbat emakumeari buruzko argazki erakusketa, liburutegi feminista eta haurrendako txoko bat.

Doako sarrera

Kongresura sartzeko ez da ordaindu beharko, baina ezinbertzekoa da aldez aurretik izena ematea. Laespadak Bizkaiko nahiz bertze lekuetako emakumeak gonbidatu ditu. Hala ere, gogoratu du edukiera mugatua dela eta sarrera gutxi gelditzen direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.