Galdeketa

Zein da zuretzat 2022. urteko azalik gogokoena?

Gaurtik urtarrilaren 22ra arteko epea izango dute irakurleek iazko azalik onena aukeratzeko.

2023ko urtarrilaren 9a
16:21
Entzun

Zenbaki dantza dago, baina badirudi irakurle bakoitzaren azala hilabetero berritzen dela. Hau da, gizaki baten azaleko zelula guztiak ordezkatzen direla 14-28 eguneko epean. Egunkari batek bestelako biologia dauka, ordea, egunero azalberritzen baita. BERRIAri, esaterako, urtean 300 azal baino gehiago sortzea eskatzen dio horrek. Ez da lan makala gorputzarentzat!

Baina, azal horiek bilduta ikustean, nabarmena da sormena eta irudimena, eta bakoitza gauzatzeak eskaturiko lana.

Orain, BERRIAk aukera eman nahi dio irakurleari 2022ko azalik gustukoena aukeratzeko.

Lasai, inori ez diote eskatuko 300 azal gogora ekartzeko. BERRIAk egin du hori errazteko ariketa: diseinatzaile eta kazetarientzat esanguratsuenak izan diren 20 azalak bildu dituzte, eta horien artean aukeratzeko parada dute orain irakurleek.

Tartean dira, esaterako, korrika Amurrio (Araba) eta Donostia artean egingo zela iragarri zuena, ibilbidea irudikatu zuena. Baita BERRIAk Zaldibarko (Bizkaia) zabortegia amiltzeko arrazoiak zehaztu zituen perituen txostena eskuratu zuenekoa ere. Opus Deik Nafarroan duen indarraren inguruko ikerketa ilustratzeko, berriz, BERRIAko diseinatzaileek arrosario baten eta Nafarroako banderako kateen arteko nahasketa irudikatu zuten. Eta bati baino gehiagori gogoan geratu zaio esku bat azaleko protagonista erabatekoa bihurtu zenekoa, Irulegikoa, alegia.

Gaurtik urtarrilaren 22ra arte, botoa emateko aukera izango da hemen. Norberaren azalik gustukoena aukeratzearekin batera, BERRIAren bi produktu sorta irabazteko zozketan sartuko dira boto emaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.