Suedia

Suediak soldadutza zibila ere berrezarriko du

Ulf Kristersson lehen ministroak adierazi duenez, 2030. urterako 10.000 soldadugai gehiago izatea da helburua. Ukrainako Gerraren testuinguruan hartutako erabakia da.

Kristersson, atzo, defentsa gaiei buruzko konferentzia batean, Salenen (Suedia). HENRIK MONTGOMERY / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 9a
17:43
Entzun

«Gobernuaren iritziz, presazkoa da zerbitzu zibila behar denerako prest izatea. Berebiziko garrantzia duen gai bat da». Hala azaldu du gaur Ulf Kristersson Suediako lehen ministroak, Pal Jonson Defentsa ministroarekin batera egin duen agerraldian. Han iragarri du gobernuak soldadutza zibila berrezarriko duela.

Nahitaezko soldadutza berrezartzeko erabakia lehenago ere hartu zuen Suediak, 2017an. 2018an jarri zuten indarrean 2010ean kendu zuten neurria: «adin militarra» duten gazte guztiak lehia proba batzuk egitera deitzen dituzte, eta horietako batzuek egiten dute soldadutza. 2030. urterako 10.000 soldadugai gehiago izatea da helburua. Defentsako gastua %2 handitzen ari dira urtean.

Baina zer da soldadutza zibila? Gobernuak MSB Kontingentzia Zibilen Agentziarekin koordinatuko du haren sorrera. Prestakuntza hori jasotzen dutenei udalerriko larrialdi zerbitzuetan parte hartzeko eskatuko zaie Suediak gatazka armatu batean parte hartzen badu, «defentsa zibilak hobetzeko». Entrenamendu militarra jaso nahi ez dutenei beste alternatiba bat eskaintzeko asmoa dute, Kristerssonen hitzetan.

«Ukrainako esperientziak begi bistan utzi du zein den panorama: tokiko larrialdi zerbitzuek presio handia jasaten dute zibilak babesteko orduan. Segurtasun egoera zein den ikusita, presazko neurria da», gehitu du.

Erabakia herrialdearen testuinguruan ulertu behar da. Batetik, Ukrainako gerra dela eta, Finlandia eta Suediak maiatzean egin zuten NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko eskaera, 200 urte luzeko neutraltasuna baztertuta. «Gehiengo parlamentario argia dago aliantzan sartzearen alde. Suediako segurtasunerako hori da aukerarik onena. Aro bat amaitzen ari gara, eta beste bati hasiera eman diogu», ziurtatu zuen Magdalena Anderssonek, orduko lehen ministroak.

Urrian, gainera, Kristersson eskuindarra izendatu zuten lehen ministro. Agintean lagun du, besteak beste, SD Suediako Demokratak alderdi ultraeskuindarra.

Gerrak eta krisiak baldintzatuta

Geroztik, indartu egin da gobernuaren diskurtso belikoa, eta hori agerian geratu da gaur. Kristenssonek gogoratu du boterea garai zail batean hartu dutela, gerra dela eta: «Suedia NATOra eramango dugu, eta duela astebete eskas hartu genuen EB Europako Batasuneko presidentetza ere. Gerrak eta krisiak baldintzatutako agintaldi bat izango da», azaldu du, soldaduskaren berrezartzearen garrantzia azpimarratzeaz gain.

Jonsonek, gaur, jakinarazi du Ameriketako Estatu Batuekiko elkarlana indartzen hasiak direla: «Duela gutxi hasi ditugu negoziazioak Washingtonekin. Gertuko bazkideak izan ondoren, orain aliatuak izan nahi dugu». Idazten ari diren akordioaren bidez, AEBetako soldaduek euren egoera legeztatu ahalko dute Suedian, besteak beste.

AEBek antzeko akordioak dituzte hainbat herrialderekin, eta Finlandiarekin ere negoziatzen hasiak dira. Eskandinaviako bi herrialdeak hilabete honetan bertan sartuko dira NATOn, Turkiak jarritako oztopoak gaindituta. Horretarako, besteak beste, legedia aldatu du Suediak, PKK Kurdistango Langileen Alderdia goratzea zigortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.