Istripua

Etxean daude jada Ordiziako kloro jarioagatik ospitalera eraman zituzten guztiak

Denera, zazpi lagun eraman zituzten ospitalera larrialdi zerbitzuek. Gaur goizean irekiko dute Majori kiroldegia, baina ez erabat.

Suhiltzaileak lanean, atzo iluntzean, Ordiziako (Gipuzkoa) Majori kiroldegian. LAIDA GOIBURU / GOIERRIKO HITZA
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 10a
09:45
Entzun

Ez dirudi Ordiziako (Gipuzkoa) Majori kiroldegian izandako kloro isuriak ondorio larririk izango duenik. Atzo, arratsaldeko seiak zirela, 200 lagun inguru ebakuatu behar izan zituzten handik, eta haietako zazpi Zumarragako ospitalera eraman zituzten. Gaua lagun bakarrak pasatu du han, eta hori ere etxean da jada. Beste zenbait pertsona kiroldegian bertan artatu zituzten, begietan narritadura izan zutelako, eta arnasteko arazoak ere bai.

Kloro jarioa kiroldegiko igerilekuan gertatu zen, eta, abisua jaso ondoren, suhiltzaileak, Ertzaintza eta udaltzainak joan ziren hara. Egoera ikusita, kiroldegia ixteko agindua eman zuten, eta Ertzaintzak ingurua hesituta izan zuen atzo iluntzean.

Kiroldegia gaur bertan hasi da normaltasuna berreskuratzen: 09:30ean zabaldu dute, baina ez erabat. Oraingoz, itxita mantenduko dituzte sauna, igerilekua eta igerilekuko aldagelak. Atzo ahalik eta azkarren atera zituzten erabiltzaileak kiroldegitik, eta haietako hainbatek igerilekuko aldageletan utzi zituzten euren gauza pertsonalak. Gaur jaso ahal izango dituzte, 11:00etatik aurrera. Gainontzeko instalazioetan zeuden erabiltzaileek goizetik egin dezakete gauza bera.

Duela bi hilabete inguru, beste kloro jario bat gertatu zen Hernaniko kiroldegian. Orduan 20 bat pertsona artatu behar izan zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.