Ingurumena

Ozono geruza 2066rako berreskuratuko da, NBEren arabera

Montrealgo Protokoloak debekatutako substantzien %99 jada ez dira erabiltzen. Ozono geruza 1980ko mailara itzuliko da datozen urteetan.

Antartika. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko urtarrilaren 10a
13:13
Entzun

Eman ditu, eta emango ditu emaitzak Montrealgo Protokoloak. Itun hori 1989an sartu zen indarrean, ozono geruzari kalte egiten dioten produktu kimikoak erabiltzea galarazteko. 30 urtetik gora igaro dira ordutik, eta badirudi bide onean dela: NBEren arabera, 2066rako ozono geruza berreskuratuko da mundu osoan —hori bai, 1980ko mailan—. Antartikan izango da hori, ozono zuloak maizago gertatzen baitira hego poloan. Artikoan, ipar poloan, 2045erako berreskuratuko dela aurreikusten du NBEk; munduko beste guneetan, 2040rako.

Iazko urrian, inoizko tamainarik handienetakoa izan zuen Antartikako ozono zuloak: 26,4 milioi kilometro karratukoa. Betiere, 2015eko hedaduraren azpitik –28,2 milioikoa zen orduan–. Hau da, hego poloko zuloa handiagoa da Ipar Amerikaren eremua baino.

Dena dela, zuloa ez da zulo bat, berez, ozono geruzaren mehetze bat baizik. Hein handi batean, hartan sortzen diren haizeteek eta tenperatura hotzek baldintzatzen dute zabalera hori. Baita ozonoari kalte egiten dioten produktuek ere: NASAren arabera, egungo emisioak milurtekoaren hasierakoen parekoak balira, lau milioi kilometro karratu handiagoa zitekeen zuloa, gutxi gorabehera.

Hasieran, 46 herrialdek sinatu zuten Montrealgo Protokoloa, eta, egun, NBEko herrialde guztiek sinatua dute. Debekatutako produktu kimikoen %99 jada ez dira erabiltzen horietan guztietan.

2016an zuzenketa bat onartu zuten hidrofluorokarburoen (HFC) emisioak —aire girotuan eta hozgarri gisa maiz erabiltzen diren substantziak— apurka-apurka murrizteko. Azken horiek ez diote zuzenean ozono geruzari eragiten, baina bai klima larrialdiari, berotegi gasak isurtzen baitituzte. Protokoloko zientzialarien arabera, HFC emisioak ezabatzeak Lurra 0,3-0,5 gradu gutxiago berotzea eragingo du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.