Aireportuak

2022an bikoiztu egin da Hego Euskal Herriko aireportuetako bidaiari kopurua

Ia sei milioi bidaiari izan zituzten iaz Hego Euskal Herriko lau aireportuek; hiru milioi eskas izan ziren 2021ean.

Loiuko aireportua, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2023ko urtarrilaren 10a
13:15
Entzun

AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioa kudeatzen dituen enpresa publikoaren datuen arabera, Noaingo (Nafarroa), Forondako (Araba), Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Loiuko (Bizkaia) aireportuetatik 5.920.896 bidaiari igaro ziren iaz. Ia bikoiztu egin zen bidaiari kopurua, 2021ean 2.977.291 pertsona pasatu baitziren lau aireportu horietatik. Operazio kopuruari dagokionez, 69.706 hegaldi aireratu eta lurreratu ziren guztira iaz.

Pandemia aurreko kopuruetara gerturatzen ari da abiazioa, baina atzetik da oraindik. 2019a izan zen normaltasunez hegan egin zen azken urtea, eta 6.643.782 bidaiari atera edo iritsi ziren lau aireportuetara, 74.998 hegalditan. 2021ean, berriz, 47.473 hegalditan 2.977.291 bidaiari ibili ziren. Beraz, 2021arekin alderatuta, bidaiari kopurua bikoiztu egin zen iaz, baina hegaldi kopuruak ez: hegazkinak gero eta beteago doazen seinale.

Miarritzeko aireportuak (Lapurdi) ez ditu oraindik argitaratu 2022ko datuak, baina urrian adierazi zuen espero zutenaren gainetik zeudela: 852.000 bidaiari espero zituzten 2022rako, eta irail amaieran dagoeneko 747.000 zenbatu zituzten.

Bilakaera ezberdinak

Loiuko aireportuan, Hego Euskal Herriko trafikorik handiena duena izaki, bidaiari kopurua bikoiztu egin da 2022an 2021arekin alderatuta, baina, 2019ari begiratuz gero, %13,1 jaitsi da bidaiarien kopurua. Noaingo aireportuak ere beherakada nabarmena izan du pandemia aurreko azken urtearekin alderatuta, %29,1 jaitsi baita 2022an bidaiari kopurua (2021arekin alderatuta, +%53,3). Hala ere, Hondarribiko eta Forondako aireportuek gero eta jende gehiago erakartzen dute, konexio kopurua handitzeak eraginda hein batean. Gipuzkoako aireportuan iaz %146,9 hazi zen bidaiarien kopurua 2021arekin alderatuta, eta %19,7, berriz, 2019arekin konparatuta. Arabakoan, %83,2 eta %35,1 handitu dira bidaiari kopuruak, urte horrekin berarekin alderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.