AHT-a

Espainiako Gobernuak AHTaren beste aldaketa bat onartu du, eta 10 milioi euro kostako da

Legutio eta Eskoriatza arteko bigarren tarteari eragingo dio moldaketak. Obrak hasi zirenetik iragarri duten hirugarrena da. Han eraikita dagoen tunelaren «egonkortasuna hobetzea» da helburu nagusia.

AHTaren obrak, iazko irailean, Ezkio-Itsason (Gipuzkoa). GOTZON ARANBURU / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 10a
16:08
Entzun

Gero eta handiagoak dira euskal Y-a eragiten ari den gastuak. Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek jakinarazi duenez, Ministroen Kontseiluak obrako kontratuaren aldaketa bat onartu du gaur, 10,2 milioi eurokoa. Rodriguezek azaldu duenez, inbertsio horren helburua da «Espainiarentzat eta bereziki Euskal Autonomia Erkidegoarentzat horren garrantzitsua den azpiegitura horren jarraipena».

Moldaketa horrek, zehazki, Legutio eta Eskoriatza arteko bigarren tarteari eragingo dio, Legutiano ABEE aldi baterako enpresa elkarteari esleitutako tarteari. AHTaren obrak hasi zirenetik iragarri duten hirugarren moldaketa da.

Obren atzeratzeak eragin ditu, nagusiki, aldaketak. Orain arte zenbat eraiki duten ikusita, eta aurreikuspenen arabera zenbat falta zaien kontuan hartuta, neurketak egin behar izan dituzte. Horrek, nagusiki, tarte horretan eraikita dagoen tunela sendotzera behartu ditu, egonkortasuna hobetzeko eta ingurunean izan daitezkeen aldaketetatik babesteko.

Beste lan batzuen artean, gutxi gorabehera 500 metro neurtzen duen tunel zati baten estalkia hobetuko dute, hobeto mantendu dadin.

Gastuak, areagotzen

Duela hamasei urte hasi ziren AHTaren obrak, eta ez dira amaituko 2028ra arte gutxienez, Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera. Euskal Y-ak 4.200 milioi euroko aurrekontua zuen hasieran, baina 5.000 milioi gastatu dituzte dagoeneko, eta 7.000 milioira iritsiko da.

Joan den urrian, Madrilek lanen beste atzerapen bat iragarri eta gutxira, BERRIAk azpiegitura horrek gaur egun dituen mugarri garrantzitsuenak zerrendatu zituen, oraindik ere gainditu beharko dituenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.