Pentsioak

Frantziako sindikatuek hilaren 19rako deitu dute erreformaren aurkako lehen protestara

Eskuina gustura azaldu da, uste baitu Frantziako Gobernuak entzun dizkietela beren eskaerak. Beste alderdiak aurka daudenez, haien botoa beharrezkoa da erreformak aurrera egin dezan.

Laurent Berger CFDT sindikatuko idazkari nagusia, iragan astean, gobernuarekin bildu aurretik. TERESA SUAREZ / EFE
Iker Aranburu.
2023ko urtarrilaren 10a
21:43
Entzun

Hiru urte igaro ondoren, pentsioen erreformaren aurkako protestak itzultzekotan dira Ipar Euskal Herrira. Frantziako zortzi sindikatu nagusiek arbuiatu egin dute erretretaren adin ofiziala atzeratzeko asmoz Elisabeth Borne lehen ministroak aurkeztu duen proiektua, uste baitute langileei kalte egiten dietela, eta bereziki lan munduan gazte sartu zirenei eta lan prekarioagoak dituztenei. Erreformaren aurkako protesta «iraunkorrak» egingo dituztela iragarri dute. Lehenengo mobilizazio eta greba eguna hilaren 19rako deitu dute.

Ikusi gehiago:Erretreta adina 64 urtera gibelatzea proposatu du Frantziako Gobernuak

Parisen egindako agerraldi bateratuan, protestak«lurralde osoan» egingo direla iragarri dute Frantziako sindikatuetako buruzagiek. Pentsatzekoa da Ipar Euskal Herrian ere egingo direla eta han izango dela LAB ere. Pentsioei buruzkoak izan ohi dira kalean aurkako protesta gehien eragiten dituzten erreformak. Hego Euskal Herrian datorren astean bost urte beteko dira pentsiodunen mobilizazioak hasi zirela, eta Ipar Euskal Herrian, berriz, 2019ko udazkenean erretretaren erreformaren aurka izandako manifestazioak azken urteetako handienetakoak izan dira. Haiek lortu ez zutena —Emmanuel Macron presidenteak atzera egitea—. COVID-19aren pandemiak lortu zuen, presidenteak bertan behera utzi zuelako lege proiektua konfinamendua hasi berritan.

CFDT ere, aurka

Erreforma horrekiko beste aldea da oraingoan bateraturik azaldu direla Frantziako sindikatu guztiak. Porrota da hori presidentearentzat, azken hilabeteetan xede bat izan duelako: CFDT Frantziako Lan Konfederazio Demokratikoak erreforma onartzea.

Sektore pribatuan sindikatu nagusia da CFDT 2017. urteaz geroztik, CGT Lanaren Konfederazio Orokorra sindikatu komunistarekin lehian. Hura baino sindikatu moderatuagoa da CFDT, eta azken hamarkadetan ezkerreko zein eskuineko gobernuek egindako erreforma batzuk sostengatu ditu. Esaterako, ados zen Macronek bere lehen agintaldian bultzatutako erreformaren puntu batzuekin —pentsioa kalkulatzeko puntukako sistema unibertsal bat ezartzea—, baina hasieratik irmoki baztertu du erretretaren adina atzeratzea. Gobernuak egindako keinuak gorabehera, ez du iritzia aldatu. «Frantziako erretreta sistema ez dago arriskuan; ezerk ez du hain erreforma basatia justifikatzen», argudiatu du Laurent Berger CFDTko idazkari nagusiak, beste sindikatu guztien izenean irakurritako testuan.

Antzeko iritzia adierazi du Phillippe Martinez CGTko buruak: «Ez dago finantzaketa arazorik». Ziurtatu zuenez, COR Erretreten Orientazio Kontseiluak diru sarreren %3ko defizita aurreikusi du, eta hori eramangarria iruditzen zaio.

Sindikatuen oso bestelako jarrera erakutsi du Frantziako patronal nagusiak, Medefek. Txalotu egin du gobernuak iragarritako erreforma «arduratsua eta pragmatikoa».

Errepublikanoak: «Entzun gaitu»

Erreformaren geroa kalean jokatuko da, baina baita legebiltzarrean ere. Gobernuak ez du gehiengorik ez Frantziako Asanblean ezta Senatuan ere, eta gutxienez oposizioko talde baten babesa behar du proiektuak aurrera egin dezan. Lortuko ez balu, Frantziako Konstituzioaren 49-3 artikulua erabil lezake legeak aitzinera egiteko; horren beharrik ez duela izango espero du Bornek.

LR Errepublikanoak eskuineko alderdiak begi onez hartu ditu lehen ministroaren iragarpenak. «Pozik gaude entzun gaituelako», azaldu du Olivier Marleix LRko diputatuen buruak. Izan ere, haien sostengua lortu ahal izateko, LRk eskatu zuen 65 urtera luzatu beharrean, 64 urtera luzatzea erretretaren adina, gutxieneko pentsioak emendatzea, eta kotizazio aldia luzatzea. Are urrunago joan da Bruno Retailleau LRko senatarien burua: «Guk ez dugu gobernuaren erreforma bozkatuko; gobernuak bozkatuko du geure erreforma». Edonola ere, Marleixek ohartarazi dio gobernuari proiektuaren zenbait atal negoziatu nahi dituela.

Erreformaren aurka azaldu dira, berriz, oposizioko beste taldeak. «Erreforma bidegabea oztopatu behar dugu», azaldu du txio baten bidez Marine Le Pen RN Batasun Nazionaleko buruzagiak. Ultraeskuinak, ordea, ez du bat egin protesta deialdiarekin, eta gogorarazi du sindikatuek eta ezkerrak Macronen aldeko botoa eskatu zutela apirilean, Le Penekin lehiatu zenean hauteskunde presidentzialen bigarren itzulian.

Kalean izango dira, berriz, NUPES osatzen duten taldeak. «Macron-Borne erreforma atzeraldi sozial bat da», ziurtatu du Jean Luc Melenchon LFI Frantzia Intsumisoko buruzagiak. «Nik uste dut gutaz trufatzen ari direla», bota du Marine Tondelier EELVko idazkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.