Katalunia

Puigdemonten euroagindua behin-behinean indargabetu du Llarenak, baina atxilotzeko agindua mantendu du

Sedizio delitua indargabetu izana da arrazoia. Funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik auzipetzeko asmoa berretsi du.

Puigdemont eta Comin, Europako Parlamentuan, iaz. JULIEN WARNAND / EFE
Iosu Alberdi.
2023ko urtarrilaren 12a
09:59
Entzun

Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu da gaur, eta horrekin batera iritsi da Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren erabakia. Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemonten aurkako sedizio akusazioa bertan behera utzi du, nahiz eta kritikatu duen delitu hori indargabetu izanak «ikertutako gertaeren despenalizaziotik gertu dagoen testuinguru bat planteatzen» duela. Halere, Puigdemont funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik auzipetzeko asmoa berretsi du.

Llarenak indargabetu egin ditu sedizio delituengatik egindako euroaginduak, baina Puigdemont, eta Lluis Puig eta Antoni Comin kontseilari ohiak funts publikoen bidegabeko erabileragatik eta desobedientziagatik bilatzeko eta atxilotzeko aginduak mantendu ditu, egindako aldaketara egokituta. Era berean, euroagindu berriak eskatuko dituela ere adierazi du, baina Europako Batasuneko Auzitegiak Puigdemonten eta Cominen immunitate parlamentarioaren inguruan ebatzi arte itxarongo du horretarako.

Ikusi gehiago: Llarenaren erabakiak denetariko erreakzioak eragin ditu

Marta Rovira ERCko idazkari nagusiaren eta Clara Ponsati kontseilari ohiaren kasuan, berriz, desobedientzia delituagatik auzipetu ditu orain epaileak. Biak atxilotzeko agindua ere eman du, baina deklaratzeko soilik. Izan ere, desobedientzia delituak ez du espetxe zigorrik aurreikusten; gehienez, bi urteko inhabilitazioa eta zigor ekonomiko bat.

Puigdemont, Comin, Ponsati eta Rovira zeuden sedizio delituagatik ihesean auzipetuta. Orain, Llarenak azaldu du lau kideei egozten zaizkien ekintzek ez dutela bat egiten desordena publikoko delituarekin. Ez, behintzat, 2017an indarrean zegoen desordena publikoko delituarekin. Izan ere, gaur indarrean sartu den aldaketak ez du atzeraeraginik.

Erreformaren aurka

Epailearen ustez, Zigor Kodearen erreforma zuzenean lotuta dago buruzagi politiko katalanen aurkako epaiketarekin, aldaketaren argudioak azaltzerakoan Zigor Kodeko 544. artikuluaren «azken aplikazioari» erreferentzia egiten baitio. Hala, kritikatu du sedizio delituaren «aplikazio bakan bat» soilik duela oinarri aldaketak, eta ulertzeko zaila dela legea aldatzeko haren idazketak «jarrera demokratikoen errepresio penala» eragin dezakeela argudiatzea: «Sedizio deliturako aurreikusitako zigorrak gure ingurura homologagarriak ziren».

Zigorren «proportzionaltasuna» argudiatu izana ere kritikatu du Llarenak. Haren ustez, halakorik balego, espetxe zigorrak murrizteko erreforma bat egitea litzateke irtenbidea, eta ez sedizioa indargabetzea. Izan ere, uste du aldaketak ez duela zigorrak murriztea eragingo, horiek «despenalizatzetik» gertu uztea baizik.

Bestalde, Gorenak zortzi eguneko epea eman die Kataluniako prozesu independentistagatik epaitutakoei —tartean da Oriol Junqueras Generalitateko presidente ohia— alegazioak aurkezteko, Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu izanak eduki ditzakeen ondorioengatik. Jordi Pina eta Andreu Van den Eynde abokatuek adierazi dute funts publikoak bidegabe erabiltzearen delitua ez lieketela egotzi beharko auzipetuei

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.