Musika

Jeff Beck gitarrista ezaguna hil da

The Yardbirds taldearekin blues-rockaren zimenduak jarri zituen 1960ko hamarkadaren amaieran. Besteak beste, Mick Jagger, Tina Turner, Jon Bon Jovi eta Stingekin egin zuen lan bere ibilbide luzean

Jef Beck, 2010ean, Locarnon (Suitza). KARL MATHIS / EFE
mikel lizarralde
2023ko urtarrilaren 12a
11:10
Entzun

Joe Perry Aerosmith hard-rock taldeko gitarristak esan berri du: «Jeff Beck munduko gitarristarik onena zen». Eta rock gogorrari modu estuan lotutako beste gitarrista batek, Tommi Iommik (Black Sabbath), bide beretik jo du Beckek beretzat zer esan nahi zuen adierazteko orduan: «Jenio bat zen, eta ez da inoiz egongo hura bezalakorik, hain modu dirdiratsu eta berezian joko duenik». Beck rockaren historiako gitarrista onenetakotzat jo izan dute azkeneko hamarkadetan, eta haren heriotzak samina eragin du. 78 urterekin zendu da, bat-batean meningitisa harrapatu ostean.

Beck Wallingtonen (Ingalaterra) jaio zen, 1944an, eta oso gaztetatik erakutsi zuen musikarekiko eta, bereziki, gitarrarekiko zaletasuna. Hala, 60ko hamarkadaren hasieran rhythm & blues musika ezagutu, eta musika beltza jotzeari ekin zion hainbat taldetan: The Nightshift, The Rumbles, The Tridents... Ordurako laguna zuen Jimmy Page —gerora Led Zeppelin taldearen sortzaileetako bat—, eta, hark gomendatuta, The Yardbirds taldean sartu zen Eric Claptonen ordez. Hogei hilabete besterik ez zuen iraun taldean, baina, bi urte eskas horietan, Beckek eta taldekideek bluesa eta rocka uztartzen zituen bidean sakondu zuten, eta taldearen ibilbide laburrean ezinbestekoa bilakatuko zen disko bat grabatu zuten: Roger The Engineer.

Michellangelo Antonioni zinemagile italiarraren Blow Up filmean ere azaldu zen taldea garai hartan.

Page ere batu zen taldera ondoren, baina taldekideen arteko liskarrek Beck taldetik kanpo utzi zuten berehala, eta gitarristak The Jeff Beck Group sortu zuen, besteak beste Rod Stewart eta Ronnie Woodekin. Ordurako prestigio handiko gitarrista zen Beck, eta hainbat taldetara batzeko gonbidapenak jaso zituen —adibidez, Brian Jones The Rolling Stonesen ordezkatzeko eskatu zioten, baina ez zuen onartu—.

Handik aurrera, Beckek bide berriak bilatu zituen, eta jazz musikariekin lan egin zuen besteak beste, hala nola John McLaughlinekin. Hark jazz-rock eremuan sartu zuen gitarrista, baina segitu zuen bestelako lan batzuk ere grabatzen, eta hainbat musikarirekin lan egiten. Hain zuzen ere, estudioko musikari gisa parte hartu zuen 1980ko eta 1990eko hamarkadetan hainbat artista ezagunen diskoetan: Mick Jaggerren She's the Boss, Jon Bon Joviren Blaze of Glory, Kate Bushen The Red Shoes... 2016an bere azkeneko diskoa argitaratu zuen: Loud Hailer.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.