Katalunia

Pere Aragones: «Deliturik larriena erori da»

Llarena epailearen erabakiaren ostean, Puigdemonten abokatuak esan du Generalitateko presidente ohia aurten itzuliko dela Kataluniara. Grande-Marlaskak esan du ebazpen judizialak «errespetatzen» dituela.

Pere Aragones Generalitateko presidentea, aurreko astean. QUIQUE GARCIA / EFE
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Maddi Iztueta Olano
2023ko urtarrilaren 12a
12:15
Entzun

Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren aurkako sedizio akusazioa bertan behera utzi du Pablo Llarena Espainiako Auzitegi Goreneko epaileak, Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu bezain pronto. Sedizio delituengatik egindako euroaginduak ere indargabetu ditu, baina berretsi egin du Puigdemont funts publikoak bidegabe erabiltzeagatik eta desobedientziagatik auzipetzeko asmoa. Erabakiak denetariko erreakzioak eragin ditu, eta Pere Aragones Kataluniako Gobernuko presidentearena izan da lehenengoetakoa. Nabarmendu du Generalitatearen eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioen fruitua izan dela Llarenaren erabakia: «Lehenago, hiru deliturengatik eskatzen zuten estradizioa, eta orain, bigatik. Larriena erori da». Presidenteak «errespetu osoa» adierazi dio auzipetu guztien defentsarako estrategiari.

Ikusi gehiago: Puigdemonten aurkako euroagindua behin-behinean indargabetu du Llarena epaileak, baina atxilotzeko agindua mantendu du

Gonzalo Boye Puigdemonten abokatuak RAC1 irrati katean esan du Generalitateko presidente ohia aurten itzuliko dela Kataluniara: «Ziur nago». Europako Batasuneko Auzitegiak Puigdemonten eta Cominen immunitate parlamentarioaren inguruan ebatzi arte itxarongo du; abokatuak espero du «otsailaren amaieran edo martxoan» izatea.

Espainiako Gobernuak ere izan du Llarenaren erabakiaren berri. Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak adierazi du ebazpen judizialak «errespetatzen» dituela, eta «osorik bete behar» direla. Isabel Rodriguez Gobernuko bozeramaileak ere bat egin du epailearen erabakiarekin. Hala ere, ohartarazi du Puigdemontek «justiziaren aurrean erantzun beharko» duela. Bestalde, Unidas Podemosek «errepresioaren aurkako neurritzat» jo du Llarenaren erabakia. Are, Enrique Santiago bozeramaileak esan du Zigor Kodearen erreforma «lagungarri» izan daitekeela «Kataluniako gatazka normalizatzeko».

Baina erabakiak kritika andana piztu du panorama politikoaren eskuinaldean. Ciudadanosek, Voxek eta PPk gaitzetsi egin dute epailearen erabakia. Esaterako, Elias Bedondo PPko koordinatzaile nagusiak iritzi dio «sekulako erokeria» dela sedizio akusazioa bertan behera uztea, eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka egin du: «Sanchezek esan zuen Puigdemont Espainiara ekarriko zuela, eta hitza bete du. Baina ez zuen aipatu alfonbra gorrian ekarriko zuela».

Jordi Pina eta Andreu Van den Eynde abokatuek —Raul Romeva Generalitateko kontseilari ohia eta Oriol Junqueras presidenteorde ohia defendatzen dituzte, besteak beste— adierazi dute funts publikoak bidegabe erabiltzearen delitua ez lieketela egotzi beharko auzipetuei: «Azken delitua [sedizioa] Zigor Kodetik desagertu bada, ezin da zigortu bitartekoa zen delituagatik». Gainera, TV3 telebista katean esan dutenez, sententziaren berrikuspen bat eskatuko dute Romevarentzat eta Junquerasentzat, «dekreta dadin ez dutela inongo erantzukizun penalik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.