Madril 0-1 Athletic

Kostata, baina Kopako final-laurdenetan izango da Athletic

Defentsan kontzentratuta aritu behar izan du Iraia Iturregiren taldeak, baina Clara Pinedo zuri-gorriak sartu du partidako gol bakarra

Athleticeko jokalariak gaur, Madrilen jokatutako partidan. ATHLETIC TWITTER
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 12a
22:28
Entzun

Sufrituta, baina Espainiako Kopako final-laurdenetan izango da Athletic, Madrili 0-1 irabazita. Iraia Iturregiren taldeak lan handia izan du defentsan, baina etxeko taldeko aurrelariak ez dira fin ibili azken metroetan. Clara Pinedok sartu du partidako gol bakarra, madrildarren huts bat baliatuta.

Madrilek Athleticek baino hobeto hasi du partida, eta etxeko taldeak gertu izan du gola 13. minutuan. Racheal Kundananjik jaurtiketa gogorra jo du urrunetik, eta, Mariasun Quiñonesen ateko zutoinetako bat jo ondoren, atepetik atera dute baloia Athleticeko atzelariek. Hala ere, ez zaio beldurrik sartu talde zuri-gorriari, eta hurrengo jokaldian gola sartu dute.

Baloi luze batekin kontraerasoa egitea lortu du Athleticek, eta Madrileko atzelariak lekuz kanpo harrapatu ditu Bizkaiko taldeak. Atezainari atetik 40 bat metrora izkin egin eta gero, sareetara bidali du baloia Clara Pinedok.

Golaren ostean, atzerago defendatu du Athleticek, eta Madrilek baloiaren jabetza bereganatu du. Hala ere, bi taldeek izan dituzte beren aukerak atsedenaldira iritsi aurretik. Sandra Villatañek gertu izan du gola madrildarrentzat, baina Geldikako jokaldi batean egindako errematea gutxigatik joan zaio kanpora. Athleticek ere izan du bere aukera, baina Paula Aranak areaz kanpo egindako jaurtiketa zutoinaren ondotik joan da kanpora. 0-1ekoarekin iritsi da partida atsedenaldira.

Bigarren zatian berdinketaren golaren bila zelairatu da Madril, eta lanak izan ditu Quiñonesek atea hutsean mantentzen. Hector Diaz Madrileko prestatzaileak Grace Chanda zelairatu du bigarren zatia hasi bezain pronto, eta bost minutuan bi aukera garbi izan ditu. Lehenengoa zutoinaren ondotik kanpora joan zaio gutxigatik, eta bigarrena ere berdintsu; langaren gainetik.

Aldaketekin, zelai erdia sendotu du Iturregik, eta, Madrilek aukera batzuk izan baditu ere, ondo aritu da talde zuri-gorria defentsako lanean. 0-1 amaitu da partida, eta final-laurdenetarako sailkapena lortu du Athleticek. Zuri-gorriekin batera sailkatu dira Granada, Sevilla, Atletico Madril, Alhama, Granadilla eta Real Madril. Bartzelonak ere irabazi egin zuen bere partida, baina Osasunak helegitea aurkeztu du, Bartzelonak araudia urratu baitzuen. Bartzelona zigortuko balute, Osasuna sailkatuko litzateke hurrengo faserako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.