Bertsolaritza

Irantzu Idoate Funosas: «Ez da arrunt saio normala, eta uste dut aski arina dela»

Bertsuxurla bertsolari gazteen lehiaketako antolatzaile eta bertsolaria da Idoate. Atzo zortzi Atharratzen jokatutako lehen kanporaketan parte hartu zuen. Atzo izan zuen bigarrena, Lekorneko Etxebarne ostatuan.

Irantzu Idoate Funosas. JOANES ETXEBARRIA
Joanes Etxebarria.
2023ko urtarrilaren 13a
09:14
Entzun

Leire Casamajou eta Xalbat Altzugarairekin batean, Bertsuxurla bertsolari gazteen lehiaketako antolatzailea da Irantzu Idoate Funosas (Hazparne, 2005). Binaka jokatzen den sariketan, bertsolari gisa ere ari izan zen Atharratzeko Prefosta elkartean, joan den ostiralean, Josu Txoperenarekin. Saio hartan, Haira Aizpurua eta Eki Mateorena nagusitu ziren, publikoa epaile zela. Ondoko saioa gaur izanen da, 21:00etan hasiko den afaritik landa, Lekorneko Etxebarne ostatuan. Beste kanporaketa urtarrilaren 20an izanen da, Izpegiko Bereko Bentan, eta finala urtarrilaren 27an Urruñan, Xaia ostatuan.

Nondik heldu da Bertsuxurlaren ideia? Gazteentzat badira jadanik bertso sariketak…

Gazteentzako plazak sortzeko ideia izan zen. Haizea dator ekimena bereziki lizeoko ikasleentzat egina da, eta lehen aukera bat da gazteak kantuz ariarazteko dudarik gabe. Hernandorena arrunt sariketa formatua da; beraz, seriosagoa. Gu ari ginen entseatzea berriz gazteak kantuan ariarazten, eta entzule gazteentzako ere plazak sortzen. Azkenean, ohartzen gara gure inguruan ere ez dela halako erakarpenik bertsoarekiko, parte handi batean formatu horiengatik; Hernandorena sariketa pisu izaten ahal da arrunt bertsozalea ez den batentzat. Hor aldiz, giro goxo eta informalean eginez, beste publiko eta beste bertsolari batzuk hunkitzeko aukera duzu. Orain gutiago ikusten den bikotekako formatua berriz ekartzea ere interesgarria atzematen genuen, beste gauza bat ekartzeko diolako bertsoari, lagunarteko lehia batean aritzeko, eta publiko berri bat hunkitzeko ere bai. Entseatu gara, hasiera batean, Ipar Euskal Herriko bertsolari gazteak deitzen; gero, gure errealitatea badakigu zein den, eta ez digu aski eman dena osatzeko. Euskal Herri osoko bertsolari gazteei zabaldu diegu.

Euskal Herri osoko bertsolari gazteak elkar ezagutzen duzue?

Bai; deitu ditugunak ezagutzen ditugu, guti edo gehiago. Uste dut probintzia bakoitzeko hartu ditugula azken bi eskolarteko txapelketetan kantatu zutenak; beraz, hortik ezagutzen ditugu. Zaharragoak izenez ezagutzen ditugu gehiago. Errestasunez ere egia erran, segur bazirela deitzea merezi dutenak eta ez ditugunak deitu, baina ez dugu sare handiagoa, momentuz.

Eskolartekoan txapeldun atera zinen. Hortik landa zer parada atera zaizu kantatzeko?

Ene kasuan, erranen nuke ez naizela pleinitzekoa. Egia da eskolartekoa dela lehen aukera denentzat, eta aukera ona, gainera, giro onean pasatzen baita, eta lehen esperientzia gisa balio handia du. Azken urteetan Bertsularien Lagunak elkartetik martxan ezarri duten Haizea dator ekimena ere bada horrekin, fruituak eman dituelako, eta guk ere bertsolari gazte gisa anitz preziatzen dugun plaza goxo bat baita, guretzat egindako plaza bat, eta ematen dizuna aukera kantatzeko bertsolari zaharragoekin. Gero, egia da eskolartekoa pasatzen denean, eta lizeotik ateratzean, beste gauza bat dela: Haizea dator-etik deitzen ahal zaituzte bertsolari ‘zahar’ gisa-edo, sariketak badira deitzen bazaituzte…, baina ez da berdin. Segur da eskertzen dela saretzen segitzea, beti hor egotea jendearekin, inguruko eta ez hain hurbileko bertsolariekin; eskertzen da!

Nola gertatzen da eskolartekoaren ondotik: hautu bat eginez deliberatzen da bertsoa segitu ala ez?

Heldu denaren arabera egiten duzu. Eskolartekoa pasatuta heldu dira saioak edo ez, sariketen fasea ere bada, baina deitzen zaituzte edo ez. Deitzen bazaituzte, aldiz, erranen nuke hor bai hautatzen duzula kantatu edo ez; eta badakizu kantatzeak ikusgarritasuna emanen duela eta beharbada ekarriko dituela beste saio batzuk; aldiz, ukatzen baduzu, bertso plazatik kanpo geldituko zara aski fite. Ez du kentzen paso egiten ahal duzula momentuz eta berriz jin.

Txapelketa Nagusia izan berri da. Erraten da txapelketan ongi moldatzen denak plazak segurtatuak dituela. Gazteetan berdina gertatzen da?

Bai, errealitatea denetan berdina da. Egia da sentitzen dugula, zenbaki on bat ateratzen duzunean, ondorioak badituela. Bistan da sentitzen dela batzuek gehiago kantatzen dutela eta horri esker dela. Beharbada txapelketan hain ongi moldatu ez direnentzat, edo bereziki txapelketan parte hartu nahi izan ez dutenentzat, ez da holako plazarik eskaintzen.

Bertsuxurlan bikoteka ari zarete kantatzen. Adiskidetasunaren arabera osatu dituzue?

Ez. Hola hasiko bagina, arriskutsua litzateke. Zozketa egin dugu eta, egia erran, aski orekatuak dira.

Afalondoko saioak dira.

Nahi genuen atxiki afariaren giro hori, beharbada jendea erreskiago agertuko zelakoan. Beraz, afalondoko saioak dira, hiru jatetxe eta Prefosta elkartearekin antolaturik. Ez da arrunt saio normala, eta uste dut aski arina dela, kanporaketetan gutienez. Ofizioak badira bikote ezberdinetako kideak kantaraziz, asmakizunaren ariketa, kantu bati bertsoa eta holakoak…

Nola joan zitzaizun ostiraleko saioa Prefosta elkartean?

Antolatzaile gisa, biziki kontent, jendea agertu zen eta saio goxoa izan zen. Biziki harrera beroa izan du sariketak. Lehen saioak erakutsi digu formatua martxan dela eta hasteko badela harrera positiboa; suposatzen dugu hola segituko duela. Bertsolari gisa are gehiago erranen nuke: sentitu dut saioak konplizitate handia sortu duela bertsolarion artean, talde sentimendu bat. Batzuk ezagutzen genuen elkar, besteak ez hainbeste; hiru talde ginen, sei bertsolari, eta uste dut seiok anitz gozatu dugula, momentuaz.

Bertso eskola finkoa da ibilbide horretan? Etxepare lizeoko bertso eskola azkarra omen da.

Ohituak gara Etxepareko bertso eskola horretara, baina badakigu Ipar Euskal Herrian ez direla hainbeste, eta behin hortik atera eta pixka bat galdua zara. Nik, gainera, Bilbon ikasten dut eta han aritzeko zaila da. Behar duzu egokitu beste errealitate batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.