Albistea entzun

Arrantza

Angulatara, azken aldiz?

Angulen arrantza profesionalizatzea eskatu du Euskadiko Anguleroen Elkarteak, Europak debekatu egingo baitu Gipuzkoan egiten den angulen aisialdiko arrantza.

Unai Eizagirre Euskadiko Anguleroen Elkarteko lehendakaria.
Unai Eizagirre Euskadiko Anguleroen Elkarteko lehendakaria. Unai Eizagirre Tamaina handiagoan ikusi

Miren Garate - Gipuzkoako Hitza -

2023ko urtarrilak 16 09:34

Abenduan iragarri zuen Europako Batzordeak aurtendik debekatu egingo zuela aingiraren eta angularen aisialdiko arrantza; hau da, arrantza ez-profesionala. Eta Gipuzkoan angulatan aritzen direnak ez dira profesionalak. Duela bi urte sortu zuten Euskadiko Anguleroen Elkartea, eta Unai Eizagirre lehendakariak kontatu du orduan ere eskatu ziotela Eusko Jaurlaritzari profesional bihurtzea, etor zitekeenaren zantzu batzuk ikusten zituztelako. Berriro egin dute eskaera orain: “Arrantzan jarraitu ahal izateko, profesional izatea beste erremediorik ez daukagulako jada”.

Bi modalitatetan aritu ohi dira angulatan Gipuzkoan: ontzitik edo lehorretik. Sasoia igandean amaitu zen ontzitik aritzen direnentzat, eta urtarrilaren 31ra arteko epea dute lehorretik aritzen direnek. Bruselaren erabakia oraindik argitaratu gabe dagoela dio Eizagirrek, eta, ondorioz, asteotan arrantzatzen jarraitu ahal izango dutela. “Ontzitik aritzen direnek apenas harrapatu duten ezer aurten, giroak ez duelako lagundu. Angulak harrapatzeko, baldintza oso bereziak behar dira; aurten hego haizea egon da, eta hori oso txarra da guretzat”. Lehorretik aritzen direnek, berriz, azaroan, sasoi hasieran, “asko” harrapatu zutela kontatu du. “Eta hemendik hilabete amaierara arte ere egun onak izateko itxaropena dute”.

Europak ezarritako debekua kontuan hartuta, profesional bihurtu ezean behintzat, edo bestelako arau aldaketarik ezean, ezingo dira arrantzara atera urte amaieran, hurrengo sasoian. “Orain arte ezagutu dugun angula arrantza tradizionala bukatu da, galdu da”, ohartarazi du Eizagirrek.

Espeziea, arriskuan

Natura Kontserbatzeko Nazioarteko Batasunak zerrenda gorrian du aingira europarra, desagertzeko arrisku kritikoan dauden espezieen zerrendan. Bruselak, aisialdiko arrantza debekatzeaz gain —Europan, Gipuzkoan eta Bizkaian bakarrik dago aisialdiko arrantza—, arrantza profesionala egiteko baimena ere laburtu egin nahi du: azaroan, abenduan eta urtarrilean bakarrik arrantzatu ahal izango dira. Azti ikerketa zentroak ere esan izan du, urteetako ahaleginak ahalegin, oso egoera larrian dagoela aingira europarra.

Eizagirreren ustez, debekuak ez du aurrerapauso handirik ekarriko espeziearen berreskurapenean. Kontatu du 850 kilo arrantzatzen dituztela Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen artean. “Frantzian, berriz, 65 tona harrapatzeko baimena dute. Ez du zentzu handirik: aingira salbatu nahi baduzu benetan, itxi guztia eta ulertuko dugu erabakia, baina bitxia iruditzen zaigu fokua 850 kiloren inguruan jartzea, hemendik 50 kilometrora 65 tona harrapatzeko baimena baldin badago”.

Eizagirrek aitortu du arrantzak baduela eragina espeziearen egoeran. “Europak esan du angularen kaltearen %20 arrantzak sortzen duela, baina beste guztia? Beste %80 errioetan egin diren aldaketa guztiek, presek, ur saltoek, bazter guztietan dagoen hormigoiak, harrapakariek… sortzen dute”. Uste du beste faktore horien aurkako neurri gutxi hartu ohi direla. “2007an, Europak betebehar batzuk jarri zituen, eta horietako bakarra bete da: hemen arrantza murriztea. Harrigarria egiten zaigu arrantzaleengan bakarrik jartzea arreta”.

Uretan, bestelako egoera ikusten dutela ere kontatu du Euskadiko Anguleroen Elkarteko lehendakariak. “Urterik txarrenak 2000. urte inguruan izan ziren: Orion kanpoko kai mutur handia egin zuten, Zumaian ere bai… Baina goraka joan gara, eta azken urteetan gero eta gehiago harrapatzen ari ginen”.

Norbere kontsumorako

Joan den asteburuan batzarra egin zuten Euskadiko Anguleroen Elkarteko kideek, eta Eizagirrek esan du erabaki zutela lanean jarraitzea, “bai profesional bihurtu ahal izateko, bai jendeak orain arte bezala arrantzan jarraitu ahal izateko”. Horrez gain, udalekin eta Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten taldeekin biltzen ere ari direla azaldu du. “Legebiltzarrera ere joango gara, Arantxa Tapia sailburuari galdetzera nondik nora datorren erabaki hau, fokua zergatik jarri duten gugan…”.

Gipuzkoan, Gabonetan eta San Sebastian egunaren bueltan izan ohi da angulen kontsumorik handiena. Debekuak debeku, datozen urteetan ere arrandegietan egongo dira angulak, Espainiatik eta Frantziatik ekarritakoak saltzen baitituzte. Gipuzkoako arrantzaleek harrapatutakoak norbere kontsumorako izaten dira. Aurtengo sasoian, Jaurlaritzak zazpiehun lizentzia banatu ditu angulatarako. 666 lehorretik aritzeko eta 34 ontzitik aritzeko. Espeziearen egoeraren jakitun izan arren, lizentziak eman izana kritikatu egin dute talde ekologistek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

LABeko kideak, Sernaren atarian. ©LAB
Nafarroako UGTren 12. kongresua, 2021ean. ©Jesus Diges / EFE

UGTk irabazi ditu Nafarroako 2022ko hauteskunde sindikalak, ia %25eko ordezkaritza lortuta

Iñaut Matauko Rada

CCOO eta UGT dira hurrenak, %24 eta %23ko ordezka eskuratuta, hurrenez hurren. LAB %17tik gora geratu da.

Mondragon korporazioaren egoitza nagusia, Arrasaten. ©Mondragon Taldea

Mondragonen industria arloa %15 handitu zen iaz, Ulma eta Orona aintzat hartu gabe

Imanol Magro Eizmendi

Taldearen industria arloak 4.800 milioi euroko fakturazioa izan zuen, ekipamenduei eta makina-erremintari esker batez ere. «Egoera onean gaude», laburbildu du Uzinek.

LABen elkarretaratzea Donostian, lan ikuskaritzak salatutako tabernaren aurrean ©Gotzon Aranburu (Foku)

Ostalaritzako «lan esplotazioa» salatu du LABek

Berria

Sindikatuak elkarretaratze bat egingo du Donostian atxilotutako enpresaburuen jatetxe baten aurrean.

Kinka buletina

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen buletina.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.