FUKUSHIMA

Fukushimako ur kutsatua hilabete gutxi barru itsasora isuriko duela esan du Japoniak

Tokioren arabera, isurketak «ez du arriskurik eragingo gizakien osasunean eta ingurumenean». Japoniako arrantza sektoreak, Hego Koreak eta Txinak kritikatu egin dute erabakia.

Fukushimako zentral nuklearra, Futaban, Japonia iparraldean. KIMIMASA MAYAMA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko urtarrilaren 13a
12:39
Entzun

Tsunami batek Japoniako Fukushima Daiichi zentral nuklearrean istripua eragin zuenetik ia hamabi urte igaro diren honetan, Tokiok duela lau urte iragarri zuena berretsi du gaur, beste behin: Fukushimako biltegietan jasotako ur kutsatua itsasora jaurtiko du. Japoniako agintariek ez dute data zehatzik eman, baina esan dute datorren udaberritik udara bitarte Ozeano Barera isuriko dutela. Gobernuak horretarako plan bat onartu du gaur, eta arrantza industriarentzako konpentsazio neurri batzuk jaso ditu, besteak beste.

Gobernuaren arabera, isurketak «ez du arriskurik eragingo gizakien osasunean eta ingurumenean». Arrantza sektoreak, ordea, gogor kritikatu du erabakia; Hego Koreak eta Txinak, berriz, «kezka sakona» azaldu dute.

Hondakin erradioaktiboz kutsatua dago zentraleko ura, erreaktoreak hozteko edota instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili baita. Zentral nuklearreko edukiontzietan 1,29 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta, 2011ko lurrikarak eta tsunamiak hondatutako instalazio atomiko batzuen barruan.

Hori dela eta, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea gainbegiratzen ari da ur kutsatuaren isurketa plana, itsasora jaurti aurretik urak dituen elementu erradioaktibo gehienak kentzeko; 60 material mota, gutxi gorabehera. Horrekin lotuta, IAEAk misio bat bidaliko du Fukushimara datorren astean, laugarrenez, prestaketa bertatik bertara ikuskatzeko.

«Ura ez dugu isuriko IAEAk txosten orokorra egin arte, gainbegiratzeak sendotu arte, kaltetutako eremuko produktuen salmenta babesteko neurriak hartu arte eta zurrumurru ezkorren hedapenaren aurka lan egin arte», esan du gaur gobernuko bozeramaile Hirokazu Matsunok, bileraren osteko agerraldian. Haren arabera, espero dute «isurketarako lanak amaitu ondoren» jaurtiko dutela ur kutsatua Ozeano Barera, eta uste du datorren udaberritik udara bitarte egingo dutela.

Japoniako agintariek eta Tokyo Electric Power zentral nuklearreko instalazioko operadoreek, hasieran, ur kutsatua apirilean isurtzea aurreikusi zuten, baina atzeratu egin dute, itsaspeko tunel bat eraikitzeko lanak moteldu egin direlako. Tunel hori erabiliko dute, zehazki, Fukushimako ura itsas zabalera —lurretik kilometro batera— jaurtitzeko.

Japoniako Gobernuak eta zentraleko instalazio operadoreak, zientzialari talde batekin batera, konplexutasun tekniko handiko irtenbide posible batzuk aztertu ondoren —ura lurruntzea edota lurperatzea, besteak beste—, erabaki zuten ur likido guztia itsasora isurtzea, tratamendu sakon bat egin ondotik.

Hain justu, prozesatze sistema batekin tratatzen ari dira ura, eta horrek deuseztatu egiten ditu arriskutsutzat jotzen diren material erradioaktibo guztiak, tritioa izan ezik: hidrogenoaren isotopo bat da, eta ez da estrontzioa edo plutonioa bezain arriskutsua.

Tokiok emandako datuen arabera, itsasora isuriko duten uraren tritio maila Japoniako Gobernuak ur edangarriarentzat ezarritako legezko muga baino «berrogei aldiz txikiagoa» izango da, eta Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako gehieneko maila baino 0,14 aldiz txikiagoa. Beraz, «ez du arriskurik eragingo gizakien osasunarentzat eta ingurumenarentzat».

Burua altxatu ezinik

Isurketa plana, ordea, ez da tokiko arrantza sektorearen gustukoa; izan ere, 2011ko hondamendi nuklearraren ondoren, ez dute ordura arte arrantzatutako arrain kopurua berreskuratu, eta, gainera, beldur dira uraren isurketak zenbateraino eragingo dien inguruko arrainari eta itsaskiei.

Horren jakitun, neurriak «sakon» azaldu nahi dizkie gobernuak arrantza komunitateari eta inplikatutako beste eragile batzuei, «haien kezkak entzuten» dituen bitartean, Matsunoren esanetan. Kyodo berri agentziaren arabera, ekinaldiak 357 milioi euro biltzen ditu, zentraletik gertu dauden kostaldeetako arrantza industriei laguntza emateko.

Halere, gaur-gaurkoz, 2011ko istripu nuklearraren ondorio handiak pairatzen ari dira inguruko eremuetan; besteak beste, dozenaka mila pertsona ez dira etxera itzuli oraindik, eta bertako arrantza, abeltzaintza eta nekazaritza sektoreak burua altxatu ezinik dabiltza.

Inguruko herrialdeen artean, Txinak eta Hego Koreak ere ez dute begi onez ikusi Fukushimako urra isurtzeko plana; kezka azaldu dute, baita Ozeano Bareko Uharteetako Foroak ere. Erakunde horretako idazkari nagusi Henry Punak esan du Japoniak atzeratu egin beharko lukeela gisa horretako edozein ekinaldi, harik eta ziur jakin arte asmo horrek zer ondorio ekarriko dizkien ingurumenari eta giza osasunari. Punak azaldu duenez, Ozeano Pazifikoko uharteetako herri gehienak itsasertzean daude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.