KLIMA LARRIALDIA

Exxon Mobilek 1970eko hamarkadatik zituen klima berotzearen proiekzio fidagarriak

'Science' aldizkariak argitaratutako artikulu baten arabera, AEBetako petrolio konpainiak oso datu zehatzak zituen, baina dena ukatzea erabaki zuen.

ExxonMobilek Baytownen (AEB) duen findegi bati iazko azaroan ateratako argazki bat. EFE
inaki petxarroman
2023ko urtarrilaren 13a
12:47
Entzun

Exxon Mobilek 1970eko hamarkadan kontratatu zituen zientzialariek egin zituzten etorkizuneko klima aldaketaren proiekzioak, kontuan hartuta CO2 isurketen hazkunde eta gorabehera posibleak. Haiek AEBetako konpainiaren esku utzitako datuak oso argiak ziren, eta egun munduak duen klima aldaketaren iragarle ziren, zehaztasun handiarekin. Hala iragarri du Harvard unibertsitateko (AEB) hainbat ikertzailek konpainiaren dokumentazioa aztertuta argitaratu duten ikerketa batek.

Exxon Mobilentzat lan egin zuten ikertzaileek iragarri zutenez, erregai fosilak erretzen jarraituz gero, klima berotuz joango zen, eta baztertu egin zuten, beraz, aro glaziar batean sartzea. Hain zuzen ere, maiz, konpainiak argudio hori ematen zuen jendaurrean, eta klima berotzearen hipotesia baztertu. Hain justu ere, konpainiak kontratatutako zientzialariek hamarkada bakoitzeko 0,20 graduko berotzea iragarri zuten.

Harvardeko ikertzaileek egindako lanean aztertu dituzte Amerikako petrolio konpainiarentzat aritu ziren zientzialariek egindako txostenak. Tartean 104 dokumentu aztertu dituzte, 1977 eta 2007 artekoak. Etorkizuneko 16 proiekzio zituzten eginak Exxon Mobilek ikertzaileek, 2019ra bitartekoak. IPCCko ikertzaileek erabili izan duten metodo bera hartu zuten: bilan energetikoaren eredua, zeinean tenperaturaren gorabehera aurreikusteko aukera ematen duen atmosferan pilatutako CO2 kantitate ezberdinen arabera. Eredu zientifiko konplexu eta fidagarriak zituzten, beraz, petrolio konpainian, eta esku artean zituzten datuak, gainera, egiaztatu egin dira gero.

Science aldizkarian publikatu den ikerketaren egileetako bat da Naomi Oreskes Harvard Unibertsitateko irakasle eta Marchands of doubt (Zalantzaren merkatariak) liburuko egilea. Hain zuzen ere, liburu horretan Oreskesek duela urte batzuk aurreratu zuen teoria hori berretsi egin dute oraingo ikerketek: hots, petrolio konpainia handiak bazekitela euren jarduerak zer ondorio zeukan klima aldaketan, eta ukatzea erabaki zutela kontzienteki.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.