Euskal presoak

Itziar Moreno euskal presoa aske geratu da, behin-behinean

Ia hamabi urte egin ditu espetxean. Bi auzi zabalik ditu oraindik Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Itziar Moreno, lagunez eta senideez inguratuta, aske geratu ondoren. ETXERAT
2023ko urtarrilaren 13a
18:20
Entzun

Behin-behineko askatasuna eman diote Itziar Moreno Martinez euskal presoari, Etxerat-ek jakinarazi duenez. Frantziako Estatuko espetxeetan egin du zigorraren zatirik handiena Morenok. Hala ere, Roazhongo espetxean (Rennes, Bretainia, 795 kilometro) Alcalako espetxera (Espainia, 445 kilometro) lekualdatu zuten iazko abuztuan, eta, urriaz geroztik, Zaballakoan (Araba) egon da. Denera, ia hamabi urte egin ditu espetxean Morenok. Behin-behinean aske utzi badute ere, oraindik ere auzipetuta dago bi auzitan, Espainiako Auzitegi Nazionalean.

2011n atxilotu zuten Moreno, Oier Gomezekin batera —2019an hil zen, gaitz larri baten ondorioz—, Jendarmeriaren kontrol batean ihes egitea lortu eta gero. Hamabost urteko zigorra ezarri zieten biei, gertakari hartan agente bat tiroz zauritu izana egotzita.

Alcalara lekualdatu aurretik, iazko uztailean, Morenoren lagun batek auto istripua izan zuen, hura bisitatzera zihoala. A-83 errepidean gertatu zen istripua, Sainte Hermine (Frantzia) herritik gertu.

Bestalde, Euskal Herriratu dituzte Leongo Mansilla espetxean (Espainia) zeuden lau euskal presoak: Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea errenteriarra, Fernando Garcia Jodra bilbotarra, Fernando Elejalde Tapis donostiarra eta Iñaki Krutxaga Elezkano galdakoztarra. Zaballako espetxean daude orain, Araban. Etxerat-ek adierazi duenez, Leongo espetxean jada ez dago euskal presorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.