Futbola

Realak galdu egin du Valentziaren aurka, eta Athleticek ere bai Alhamaren kontra

Markagailuan aurrea hartu dute bi euskal taldeek, baina etxekoek markagailua irauli dute bi kasuetan (2-1 amaitu dira bi partidak). Sailkapen nagusian seigarren dago Reala, eta zortzigarren Athletic.

Athleticeko eta Alhamako jokalariak, lehian, gaur, Alhaman (Espainia). ATHLETIC
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 15a
17:14
Entzun

Asteburu txarra izan da Lehen Mailako euskal taldeentzat. Atzo Alavesek galdu zuen Levante Las Planasen aurka (1-0), eta gaur gauza bera egin dute Realak eta Athleticek. Etxetik kanpo jokatu dute bi taldeek —Realak Valentzian (2-1), eta Athleticek Alhaman (2-1)—, eta neurketako golen ordena ere berdina izan da: aurretik hasi dira euskal taldeak, baina bi kasuetan markagailua irauli dute etxekoek.

Sailkapen nagusian, Realaren aurkari zuzena da Valentzia. Partida nolakoa izan den ikusita, gainera, mingarria izan da porrota: Valentziako Berta Pujadak azken unean sartu baitu garaipenaren gola. Txuri-urdinen gola 22. minutuan sartu du Nerea Eizagirrek, Mirarin jokaldi on baten ostean. Handik gutxira iritsi da, ordea, Valentziaren lehenengoa, 27. minutuan. Berdindua izan da lehen zatia.

Bigarren zatian gol aukera gutxi izan dira, eta bi taldeak berdinketarekin konforme zirela zirudienean, hegaletik iritsi zaion baloi bat baliatu du Pujadak gola egiteko. 87. minutua zen.

Azken sailkatuaren etxean

Are kezkagarriagoa da Athleticen porrota: sailkapeneko azken sailkatuaren etxean galdu du gaur. Berdinduta hasi da norgehiagoka, eta 21. minutuan aurrea hartu dute zuri-gorriek. Nekanek bidali du sarera Eunateren eta Sara Ortegaren artean egin duten jokaldia. Atsedenaldia iristear zela heldu da Alhamaren gola; Kukik sartu du, buruz.

Bigarren zatian hobea izan da etxeko taldea, eta Raquel Pinelek 68. minutuan egin du garaipenaren gola, hori ere buruz. Azken minutuetan erasora jo du Athleticek, baina ezin izan du golik sartu.

Sailkapen nagusian seigarren postuan da Reala, 22 punturekin, eta zortzigarren Athletic, hamazazpirekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.