Nepal

Gutxienez 68 lagun hil dira Nepalen izan den hegazkin istripu batean

Lau bidaiari desagertuta daude oraindik, baina adituek ez dute uste inor bizirik aterako denik. Pokharako aireportuan lur hartzera zihoala erori da abioia.

Yeti Airline konpainiaren hegazkina, gaur, Pokharan (Nepal). KRISHNA MANI BARAL / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 15a
17:53
Entzun

Yeti Airline konpainiaren hegazkin batek istripua izan du gaur goizean Pokharan, Nepalen, eta gutxienez 68 lagun hil dira. Denera 72 lagun zihoazen hegazkinean (68 bidaiari eta lau langile), eta desagertuta jarraitzen dute lauk; erreskate zerbitzuek bihar jarraituko dute haien bila, baina, esan dutenez, ez dute haiek bizirik topatzeko itxaropenik. Gainontzeko bidaiarien hilotz guztiak topatu dituzte.

Euskal Herrian 04:48ak zirela (Nepalen 10:33ak) abiatu da hegazkina Katmandu hiriburutik, eta Pokharako nazioarteko aireportuan lur hartzera zihoala erori da (Katmandutik 200 kilometro ingurura). Horren ondorioz, zatitu egin da hamabost urte zituen ATR72 hegazkina. Sakan batean erori da, gainera, eta horrek zaildu egin ditu erreskate lanak.

Oraindik ez dute argitu zerk eragin duen istripua, baina azaldu dute eguraldia ona zela, eta ustez arazorik gabe lurreratzen ari zirela.

72 bidaiarien artean sei adingabeak ziren, eta hainbat jatorritako pertsonak zeuden tartean: Nepalgoak ziren 53, baina tartean zeuden Indiakoak, Errusiakoak, Hego Koreakoak, Irlandakoak, Argentinakoak eta Frantziakoak. Nepalen azken hiru hamarkadetan izan den hegazkin istripurik larriena da.

Aurrez, Nepali nazioartean hainbat isun jarri izan dizkiote hegazkinak behar bezala ez kontrolatzeagatik. Besteak beste, Nepalgo hegazkin konpainiek debekatua dute AEBetan sartzea 2013tik. 2000. urtetik gutxienez 350 lagun hil dira han hegazkin istripuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.