Afganistan

Talibanek boterea berreskuratu ondoren hiriburuan jarraitu zuten emakumezko parlamentari bakarretako bat hil dute, tiroz

Gobernua talibanen esku gelditu ondotik Kabulen segitu zuten emakume diputatu bakarretakoa zen Mursal Nabizada. 32 urte zituen. Poliziaren arabera, ikertzen hasi dira hilketa nola gertatu zen argitzeko.

jarraia223182.jpg
Uxue Rey Gorraiz.
2023ko urtarrilaren 16a
09:54
Entzun

Mursal Nabizada hil dute, Afganistango Gobernuko parlamentari ohi bat. 32 urte zituen, eta Talibanen garaipenaren ondotik ere bere aldarrikapen politikoei tinko eutsi zielako da ezaguna, besteak beste. 2021eko abuztuan gobernua talibanen esku gelditu eta gero, parlamentari ziren emakume bakan batzuek baizik ez zuten segitu hiriburuan; horietako bat izan zen Nabizada. Uko egin zion herrialdetik ihes egiteari. Tiroz hil dute igandean, Kabulen. Bizkartzaina ere hil dute.

Poliziak jakinarazi duenez, Nabizadaren etxean hil dituzte parlamentari ohia eta haren bizkartzaina. Oraingoz, inork ez du bere gain hartu hilketaren erantzukizuna, eta Poliziak esan du ikerketa bat abiatu dutela gertatutakoa argitzeko.Talibanak agintean direnez geroztik, emakumeen kontrako errepresioa etenik gabe gogortu da herrialde hartan. Batik bat, andreak guztiz baztertuak izan dira parte hartze politikotik. Hezkuntzarako eskubidea ere ukatu zaie.

Ikusi gehiago:URTE BAT TALIBANEN MENPE: Emakumeak, baztertuetan baztertuenak

Mariam Solaimankhil legegile ohiak zenbait mezu eskaini dizkio Nabizadari. Parlamentari ohiak urteetan eginiko ahalegina laudatu du, bai eta erakutsitako indarra ere. «Emakume indartsua zen, arriskuan izanik ere bere sinesmenak grinaz defendatu zituena. Afganistandik ihes egitea eskaini ziotenean, herrialdean gelditzea erabaki zuen, herritarrengatik borrokatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.