Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Ukrainan eta Mendebaldean kezka eragin dute Bielorrusiaren eta Errusiaren ariketa militar bateratuek

Minskek esan du otsailaren 1era arte iraungo duten maniobrak «erabat defentsiboak» direla. Alemaniako Defentsa ministroak dimisioa eman du, Errusiaren inbasioaren aferan egin dizkioten kritikengatik.

Irudian, Bielorrusiako eta Errusiako armadek iragan otsailean egin zituzten ariketa militar bateratuak, Bresten (Bielorrusia)
Irudian, Bielorrusiako eta Errusiako armadek iragan otsailean egin zituzten ariketa militar bateratuak, Bresten (Bielorrusia) EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ander Perez Zala -

2023ko urtarrilak 16

Ukrainan eta Mendebaldean kezka eragin du Bielorrusiak eta Errusiak ariketa militar bateratuak hasi izanak gaur. Iragan urtearen hasieran ere egin zituzten, eta horren ondoren eman zuen Vladimir Putin Errusiako presidenteak, joan den otsailaren 24an, inbasioa hasteko agindua; hain justu, Ukrainako hiriburuaren kontrako erasoa herrialde horretatik abiatu zuten, eta, bi egunen buruan hiriburura iritsi ziren arren, gerora galdu egin zituzten konkistaturiko eremuak. Horregatik, eta kontuan harturik hilabete inguru falta dela inbasioaren lehen urteurrenerako, Kievek arreta handiz erreparatuko die otsailaren 1era arte iraungo duten ariketa horiei, nahiz eta, oraingoz, baztertu egin duen joan den urtekoaren antzeko eraso bati aurre egin behar izatea.

Aleksandr Lukaxenko Bielorrusiako estatuburuak joan den urteko urriaren 10ean jakinarazi zuen eskualdeko batasun militar bat osatu zutela Errusiarekin, eta talde hori da egunotan ariketak egingo dituena. Zehazki, aireko indarren txanda da orain, eta, Minskek azaldu duenez, zera egingo dute: «Lurreratze taktikoa, zama ematea eta zaurituak ebakuatzearen itxura bat». Horrez gain, bi herrialdeetako hegazkinek elkarrekin patruilatuko dute muga, eta lurreko tropei laguntza emateko ariketak egingo dituzte.

Bielorrusiako Defentsa Ministerioaren arabera, asteotako maniobren helburua da bi armaden arteko «bateragarritasun operatiboa handitzea», «erabat defentsiboak» diren ariketa horien bitartez. Hori bai, herrialde horretako Segurtasun Kontseiluaren idazkari Pavel Muraveikok azaldu zuenez, Ukrainarekiko mugako egoera «ez da oso lasaia», eta «nahikoa indar eta baliabide» dute «edonolako eraso bati edo mehatxu terrorista bati» erantzuteko.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak hainbatetan ohartarazi du, hilabeteotan, Bielorrusia ere gerran sar daitekeela, baina bai Minskek eta bai Moskuk ukatu egin dute aukera hori. Are, Kremlinek behin eta berri ezeztatu du Putinek Lukaxenkori eskatu diola protagonismo handiagoa izateko Ukrainaren inbasioaren aferan, eta, orain arte, Bielorrusiak esan du ez dela gerran sartuko.

Moskuk eta Minskek iragan urtean ere egin zituzten ariketa militar bateratuak, eta, Putinek esandakoaren arabera, Errusiako tropak iragan urteko otsailaren 20an ziren Bielorrusiatik joatekoak. Baina ez da halakorik gertatu, eta harrezkeroztik daude Ukrainaren iparraldeko herrialdean.

Donetsken, berriz, kontrako bertsioak helarazi dituzte Kievek eta Moskuk, eskualde horretako Soledarri buruz aritzerakoan. Errusiak esan du hiri horren kontrola duela, baina Hanna Maliar Ukrainako Defentsa ministrordeak atzo esan zuen ezetz, ez dela egia, eta oraindik borrokan ari direla. «Borrokan ari dira oraindik», idatzi zuen Telegram sare sozialean.

Zelenskik arma gehiago nahi ditu

Ukrainako presidenteak arma gehiagoren beharraz ohartarazi du Errusiako armadari aurre egiten segitzeko, eta, horregatik, Mendebaldea deitu du laguntza militar gehiago bidaltzera.

Baliteke agintariek eskari horri baiezkoa ematea, datorren ostiralean biltzekoa baita Ukrainari laguntza militarra ematen dieten herrialdeak koordinatzen dituen Ukrainaren Defentsarako Bitartekarien Taldea. Mahai gainean izango dute tankeak bidaltzeko aukera, eta ikusteko dago zein izango den Alemaniaren jarrera, orain arte modu epelean aritu baita afera horretan.

Hain justu, Christine Lambrecht herrialde horretako Defentsa ministroak dimisioa aurkeztu du gaur, batez ere Errusiaren Ukrainako inbasioaren aferan eta oro har bere agintaldian izan dituen polemikengatik eta hutsegiteengatik.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©KETTY MARCELO LOPEZ

«Perun hil egiten gaituzte; diktadura zibiko-militar batean bizi gara»

Mikel O. Iribar

Buruzagi indigenak azaldu duenez, Castilloren atxiloketa «bidegabeak» ez ezik, Perun duten krisi sozialak eta arrazakeriak ere eragin dituzte egungo protestak: «Ez dugu amore emango».
<b>Sudango manifestari talde bat, armadak protesten kontra erabili duen indarkeria salatzeko mobilizazio batean, iazko ekainean, Khartumen.</b> ©ELA YOKES / EFE

Afrika eremu gatazkatsuagoa bihurtu da azken hamarkadan

Gorka Berasategi Otamendi

Kontinenteak zenbait hobekuntza egin ditu sustapen ekonomikorako alor batzuetan eta giza garapenean. Adituek ohartarazi dute azken urteetako lorpenak arriskuan daudela

Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

Peruko Kongresuak ez du onartu hauteskundeak abendura aurreratzea

Ander Perez Zala

Hauteskundeak aurten egitearen alde agertu dira, egunotan, ordezkaritza duten alderdi gehienak, baina 54 parlamentarik egin dute alde, eta 68k kontra
Krisi politikoa eragin du Italian preso anarkista baten gose grebak

Krisi politikoa eragin du Italian preso anarkista baten gose grebak

Mikel O. Iribar - Arantxa Elizegi Egilegor

Alfredo Cospitok ehun egun baino gehiago daramatza protestan. 30 urteko zigorra du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...