Energia berriztagarriak

Tapia: «Menpekotasuna murriztu nahi badugu, zentral eolikoak jarri behar ditugu nahitaez»

Energia berriztagarrien lurralde plan sektorialak gisa horretako zentralak jartzeko 78 toki proposatzen ditu, eta haietan guztietan zentralak jartzearen alde agertu da Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburua.

Arantxa Tapia sailburua, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Paulo Ostolaza.
2023ko urtarrilaren 16a
13:14
Entzun

Ahalik eta zentral eoliko gehien jarri nahi du Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hala erakutsi du gaur Arantxa Tapia Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak Euskadi Irratiako Faktoria saioan egin dioten elkarrizketan: «Herriz herri aztertuko ditugu proposamenak, baimen guztiak ondo beteta eta berme guztiekin. Baina azpiegitura horiek nahitaez jarri behar ditugu, gaur egun dugun menpekotasuna murriztu nahi badugu behintzat».

Horregatik, esan du zentral eolikoak ikusi nahiko lituzkeela energia berriztagarrien lurralde plan sektorialak (LPS) proposatutako 78 kokalekuetan. Tapiak aitortu du oraindik beste urte eta erdi edo bi urte beharko direla plana onartzeko, eta, horregatik, azpimarratu du bizkortu egin behar direla energia berriztagarriak jartzeko baimenak: «Gaur egun, urte bat edo urte eta erdi behar izaten dugu haiek tramitatzeko»

Ikusi gehiago:Zentral eolikoak egiteko 33 eremu hautatu dituzte EAEko lurralde plan sektorialean

Ezarri nahi duten ereduaren inguruan, azpimarratu du «beharrezkoa» dela «eremu publikoa eta pribatua elkarrekin aritzea». Ekiola energia kooperatiba jarri du adibidetzat, Energiaren Euskal Erakundeak, Mondragon Korporazioak eta Iberdrolak sustatutako egitasmoa. Hark Araban jarriko ditu energia fotovoltaikoa lortzeko parkeak. Proiektu horri esker 20-25 bat enpresa onuradun daudela zehaztu du sailburuak: «Hori lortu behar dugu: erakundeen, herritarren eta enpresen onura helburu duten proiektuak izatea», azaldu du.

Egitasmo horren inguruan EH Bilduk duen jarrera gaitzetsi du Tapiak: «Iberdrola tartean dagoelako kritikatzen dute, baina gero beste enpresa pribatu baten esku hartzea ondo ikusten dute, norvegiarra delako».

LPSak bereziki aintzat hartu dituen bi espazioak ere Araban daude: Arabako lautada eta Arabako Errioxa dira. Bietan Nekazaritzako eta Basozaintzako LPSan balio handiko lur izendatutako eremu asko aukeratu dituela egotzi diote Arabako Foru Aldundiaren Ingurumen Saileko teknikariek Jaurlaritzari.

Prezioak, gora

Datozen hilabeteetan hasiko dira Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako lege proposamenari buruzko negoziazioak ere. Tapiak esan du izan dituztela elkarrizketa batzuk gainontzeko talde politikoekin, baina oraindik ez direla hasi negoziatzen; gehitu du «nahi izanez gero» helduko direla akordioetara. Azaldu du «azken hilabeteetako tenperatura altuei eta politika batzuei esker» behera egin duela energiaren prezioak, baina abisatu du: oraindik igo egin daiteke eskaria, eta, ondorioz, baita prezioa ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.