Klima larrialdia
Jauzi Ekosoziala aurkeztu dute, Ekotopaketen «indarra» kalera ateratzeko asmoz
Pobrezia eta xahuketa energetikoaren kontrako hainbat ekintza egingo ditu dinamikak udara bitarte; lehena, otsailaren 17an. Udara ostean, eztabaida zabalduko dute, dinamikak zer «forma zehatz» hartu behar duen erabakitzeko.

Iragarritako urratsak egiten ari dira Ekotopaketen bultzadaz ekologismoaren bueltan antolatu zirenak. Irailaren hondarrean eta urri hasieran Portugaleten (Bizkaia) egindako topaketen azken egunean erabaki zuten «lan dinamika» bati ekitea, eta gaur aurkeztu dute, Donostian: Jauzi Ekosoziala, «oraindik etxe bihurtu ez den mugimendu bat». Alaitz Ajuriagerrak eta Arrate Zelaia dinamikako kideek irakurri dute aurkezpen testua, atzean beste zenbait kide zituztela.
XXI. mendean mugarri izan diren hiru gertakariri erreparatu diete dinamikako kideek, azaltzeko gizarteak «talka» egin duela «planetaren muga biofisikoekin»: 2008ko krisi ekonomikoa, pandemia eta Ukrainako gerra. «Testuinguru honetan, zeinetan lurrak utzi dion egonkorra izateari, Ekotopaketak antolatu genituen, eta, orain, kalera atera nahi dugu orduan pilatutako indarra».
Honela ezaugarritu dute mugimendua: «Plurala eta eraginkorra, propositiboa, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan artikulatzen hasiko dena, hegemonia neoliberalaren aurka eta bizitzaren alde, egiturazko eraldaketei bidea irekiz». Ibilian egin nahi dute bidea, borrokan. Hala, udara bitarte kanpaina bat egingo dute, eta, udaren ondoren, «eztabaida prozesua» zabalduko dute, «tresna honek izan behar duen forma zehatzaz eztabaidatzeko pertsona eta eragile askotarikoekin».
Urrian jada zabaldu zuten hainbat eragilez osatutako antolakunde handi bat sortzeko aukera, iritzita, besteak beste, gaur egun eragile ekologista asko dauden arren horiek tokian tokiko edo sektorekako proiektuen inguruan ardaztuta daudela batez ere. Horiei eutsita beste lan esparru batzuetara hedatzeko asmoa azaldu zuten.
Pobrezia eta energia, elkar hartuta
Momentuz, baina, lehen fasea azaldu dute. Haien luxua gure fakturak izeneko kanpainaren bidez hainbat ekintza egingo dituztela aurreratu dute; lehenengoa, otsailaren 17an, Pobrezia Energetikoaren Aurkako Nazioarteko Egunean. «Mundu mugatu honetan» pobrezia eta xahuketa «txanpon beraren bi aldeak» direla adierazi dute, eta pobrezia energetikoaz aritzean «energiaren xahutzeaz» hitz egin beharko litzatekeela. Zenbait aldarrikapen egingo dituzte, «trantsizio ekologiko eta sozial justuaren» alde. Batetik, pobrezia energetikoa amaitzeko eskatuko dute. «Iberdrolako lehendakari Ignacio Galanek 13 milioi euroren irabaziak ditu, baina gure lurraldean 100.000 lagunetik gora daude pobrezia energetikoan», salatu dute. Era berean, energia «publifikatzeko» ere eskatuko dute, «oinarrizko beharra» denez gero.
Erregai fosilak erabiltzearen kontra ere egingo dute: «Geratzen zaigun klima eta natura babestu behar ditugu, Hego Euskal Herriko ziklo konbinatuko zentralak itxiz, hasteko». Azkenik, «luxua mugatu» behar dela azpimarratuko dute. Denek «nahikoa» izateko, «xahuketa mugatzen goitik» hasi behar dela esan dute, eta adibide bat jarri: «Espainiako Estatuan aberatsenek bost aldiz CO2 gehiago isurtzen dute. Argi dago: aberatsak ez dira jasangarriak».
Ekologismoaren bueltan antolatzeko deia ere berretsi dute. Norberak auzi horretan egin dezakeen ekintzarik onena «kolektiboan antolatzea» dela aldarrikatu dute.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.