Espainiako Kopa

Realak aurrera egin du, baina Alavesek ezin izan du Sevillarekin

Reala Espainiako Kopako final-laurdenetara sailkatu da, Mallorcari 1-0 irabazita. Alavesek, berriz, ezin izan du Sevilla garaitu, eta 0-1 galdu du Mendizorrotzan

Robert Navarro gola ospatzen. JON URBE / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 17a
22:17
Entzun

Realak 1-0 irabazi dio Mallorcari, eta Espainiako Kopako final-laurdenetan izango dira txuri-urdinak. Euskal Herrian egunean zehar izandako euri jasaren eta hotzaren ondorioz zale ugari zelaira joan gabe gelditu dira Donostian. Hala ere, Anoetara gerturatu direnak berehala berotu dira. Laugarren minuturako aurreratu du Reala Robert Navarrok, eta taldearen jokoarekin gozatzeko aukera izan dute zaleek lehen zatian. Bigarrenean gehiago sufritu dute txuri-urdinek, baina ez dute huts egin.

Euskal derbian hasieratik atera zuen hamaikakoarekin alderatuta bost aldaketa egin ditu Imanol Alguacilek. Mikel Oiartzabal izan da berritasun nagusia, ia urtebeteren ostean berriro ere hasieratik jokatu baitu. Kapitaina zelaian zela, hasieratik golaren bila irten da Reala, eta laugarren minuturako aurreratu dira txuri-urdinak. Ordurako bi aukera garbi ere sortu ditu Realak, baina hirugarrenean ez du huts egin. Navarrok Martin Zubimendiren pase bikain bat baliatu du erremate gurutzatu batekin arratsaldeko gol bakarra egiteko. Hirugarren gola du jada Kopan.

Berehala jarri zaio partida maldan gora Mallorcari, eta presioa aurreratu egin du Javier Aguirreren taldeak. Horrek motzean jokatzea asko zaildu dio Realari, baina baloia luze jotzeko arazorik ez du izan etxeko taldeak, eta Alexander Sorloth behin baino gehiagotan bilatu du Alex Remiro atezainak.

Hainbat aukera izan ditu Realak lehen zatian markagailuan aldea areagotzeko, baina ez da halakorik gertatu. Brais Mendezek eta Oiartzabalek gertu izan dute gola, baina gutxigatik kanpora bidali dute baloia areaz kanpotik egin dituzten saiakeretan. Eibartarrak lortu du baloia sareetara bidaltzea, baina marrazainak balio gabe utzi du gola, jokoz kanpo baitzegoen. Mallorcak, berriz, zailtasun ugari izan ditu Remiroren ate ingurura gerturatzeko. Balear Uharteetako taldeak ez du jaurtiketa bat bera ere egin lehen zatian.

Bigarren zatian, ordea, indarrak parekatu egin dira. Clement Grenier zelairatu du Javier Aguirrek azken metroetan argitasun gehiago izateko, eta aurrerapausoa eman dute. Lehen zatian baino lan gehiago egin behar izan du Realak defentsan markagailua bere horretan gera zedin, baina hori egiten ere badakiela erakutsi du Imanolen taldeak.

Bisitariak hainbat aldiz iritsi dira arriskuarekin bigarren zatian, eta 60. minutuan gertu izan dute berdintzeko gola. Grenierri area barruan iritsi zaio baloia, eta haren errematea taldekide batek bidali du langara. Aldaratzean izan du bigarren aukera Mallorcak, baina kanpora bidali dute baloia.

1-0 amaitu da partida, eta Realak hurrengo faserako sailkapena lortu du. Bolada ezin hobean jarraituko dute txuri-urdinek. Geldialditik bueltan jokatutako bost partidak irabazi dituzte; hiru ligan eta bi kopan.

Alaves; nahi eta ezin

Errespetuarekin, baina beldurrik gabe ekin dio Sevillaren aurkako partidari Alavesek. Valladolid kanporatzeak hauspoa eman zion gasteiztarrei, eta garaipenaren bila zelairatu dira gaur ere. Lehen zatian Sevilla baino gehiago izan da Luis Garcia Plazaren taldea, eta arriskua eraman dute Marko Dmitrovicen atera hegaletik egindako erdiraketekin. Luis Garcia eta Jason Remeseiro hainbat aldiz ahalegindu dira taldekideak area barruan aurkitzen, baina Sevillak ondo defendatu du bere area bost atzelariko lerroarekin.

0-0 amaitu da lehen zatia, eta atsedenalditik bueltan garaipena lortzea posible zela sinetsita zelairatu dira etxekoak. Hala ere, 48. minutuan Sevilla aurreratu da. Partidan lehen aldiz lortu dute bisitariek Alavesen zelai erdian hainbat pase egitea, eta Jesus Navasek egindako erdiraketa sareetara bidali du Rakiticek.

Alaves hegaletatik iristen ahalegindu da behin eta berriro, baina ez du erremate arriskutsurik egitea lortu. Falta jaurtiketa batean, ordea, gertu izan du berdinketa, baina Jasonen jaurtiketa zitala zutoinaren ondotik atera du atezainak.

Aukera garbienak Jasonek eta Salva Sevillak izan dituzte, biak luzapenean, baina Jasonena lehenik, eta Salva Sevillarena ondoren, kanpora joan dira gutxigatik. 0-1 amaitu da partida, eta etxeko taldeak pozik egoteko moduko partida jokatu badu ere, esku hutsik gelditu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.