Albistea entzun

Euskal gatazka

Foro Sozialak bukatutzat eman du bere ibilbidea

Uste du duela hamar urte zabaldutako hamabi gomendioak bete direla edo horretarako zumeak daudela, baina aitortu du egitekoak ere geratuko direla; batez ere, estatuen biktimen arloan.

Foro Sozialaren agerraldi bat, pasa den abuztuan.
Foro Sozialaren agerraldi bat, pasa den abuztuan. Jon Urbe / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2023ko urtarrilak 18 09:57

Amaitu da Foro Sozial Iraunkorraren bidea, EITBk jakinarazi duenez. Gatazkaren ondorioen konponbidean aurrerapausoak emateko asmoz sortu zen, duela hamar urte, eta, hamarkada bat igarota, Foro Sozialaren fasea bukatutzat ematea erabaki du. Iazko ekainetik zabaldua zuen barneko eztabaida prozesu bat, eta horren emaitzaren berri datorren larunbatean emango dute, Durangon egitekoak diren ekitaldi batean.

Eztabaida prozesu horretan, Foro Soziala osatzen duten hamazazpi entitateek eta foroan parte hartzen duten herritarrek ondorioztatu dute «aurrerapauso esanguratsuak» eman dituztela foroak jorratutako lan ildoetan, eta aurrerapauso horien egonkortzeak bidea ematen duela «fase berri bat zabaltzeko konponbide prozesuan». Fase berri horrek, aldi berean, «erronka eta tresna berriak» eduki beharko ditu, Foro Sozialaren arabera.

Larunbateko ekitaldian, eztabaida prozesuaren ondorioen berri emateaz gain, zehaztuko dute zeintzuk izango diren luze gabe emango dituzten pausoak, foroaren egitekoak behin betiko amaitutzat emateko.

2013ko martxoan egin zuten aurreneko foroa, Bilbon eta Iruñean, konponbide prozesuan gizarte zibileko eragileen parte hartzea sustatzeko. Hamabi gomendio aurkeztu zituzten orduan: besteak beste, ETAren armak eta egitura militarrak desegiteko prozesu bat abiatzea, preso eta iheslarien gaiari buruzko «konponbide integral bat» adostea, estatuaren segurtasun indarren «kopurua eta eginkizuna birdimentsionatzea», eta erakundeek egia, justizia eta adiskidetze «prozesu zabal bat eta jendarte osoa barne hartzen duena» bultzatzea.

Ikusi gehiago: Foro Sozialaren hamabi gomendioak

Foroak ondorioztatu du hamabi aholku horietatik 11 bete direla edo betetzeko baldintzak daudela, eta lau lan ildotan eginiko aurrerapausoei erreparatu die: ETA 2017ko apirilean armagabetu zen, eta 2018ko maiatzean desegin zuen bere burua; biktimen arloan, «biktima guztiek egia, justizia eta erreparazioa izateko eskubidearen inguruko adostasuna zehazten» hasi da, eta baita «estatuaren biktimen tratamendu asimetrikoa gainditzeko beharra» ere; euskal presoen alorrean, sakabanaketa politika amaitzear dela, foroak uste du auziaren «konponbide markoa definituta» dagoela; eta memoriari dagokionez, «kontakizun bakarraren» ideia agortuta dagoela. «Ez gara ados jarriko gertatutakoaren zergatian, eta jada eragile guztiek aitortzen dute memoriak inklusiboa, kritikoa eta ez autojustifikaziokoa izan behar duela», erantsi du.

Hain justu, hamar urteko ibilbideari begiratu zion Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko bozeramaileak iazko urrian, BERRIAk eginiko elkarrizketa batean: «Ez dakit inork espero zuen halako emaitzak izatea. Hamar urte asko da? Herriaren historian oso gutxi. Faktore asko egon dira, baina uste dut gizarte zibila izan dela sarri aleka hartzen zuen motor baten olioa. Proposamenak egin dira, malgutasunez, errealitatera egokituta». Orduko hartan, Hernanek azaldu zuen foroa presoen, biktimen eta memoriaren esparruetan lanean ari zela, lehen bietan konponbide markoak finkatuta edo finkatzeko bidean daudela, eta hirugarrenean ere urratsak egiten ari direla.

Ikusi gehiago: «Prozesu unilateral batetik multilateral batera igaro gara»

Edonola ere, bere lan ibilbidearen amaieraren berri ematekoan, Foro Sozialak aitortu du zereginak ere geratuko direla: presoen auzian, memorian eta, «batez ere», Espainiako Estatuaren biktimek nozitzen duten «diskriminazioan». Horietan «bidea egiteko» dago, baina, foroaren iritziz, «erronka berrientzat tresna berriak beharko dira».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Eneko Andueza eta Andoni Ortuzar, artxiboko irudian ©Luis Tejido/ Efe

EAJk eta PSEk «instituzioen gobernabidea» bermatzeko akordioa itxi dute

Edurne Begiristain

Bi alderdiek jakinarazi dute itunarekin koalizio gobernuak eratzen lagunduko dutela foru aldundi eta udal guztietan.
 

Egunkaria itxi eta 20 urtera

Epailea eta epaitua, mahaiaren alde berean

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Gizarte mugimendu ugarik antolatuta, ekitaldi bat egin dute Madrilen, ‘Egunkaria’-ren itxiera oroitzeko. ‘Egunkaria’-ko zuzendari ohi Martxelo Otamendirekin solasean aritu da Javier Gomez Bermudez, ‘Egunkaria’-ko auzipetuak absolbitu zituen epaimahaiko burua. Nabarmendu du ‘Egunkaria’-ren itxiera «bidegabea eta legez kanpokoa» izan zela.

Sarek apirilaren 29an Donostian eginiko elkarretaratzea, euskal presoei salbuespen neurriak jartzearen aurka. ©Gorka Rubio / Foku

Joseba Borde espetxera itzuli da, hirugarren gradua kenduta

Jon O. Urain

Ostegun iluntzean sartu zen Basauriko espetxean. 64 urte ditu. Bestalde, aske geratu da Patxi Markes presoa.

Alzorriz eta Txibite, atzo. ©Jesus Diges / EFE

PSN prest dago Koldo Martinez babesteko Iruñeko alkatetzarako

Jon O. Urain

Ramon Alzorrizek esan du «prest» daudela «eskuinaren gobernu bat saihesteko».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...