Osasuna

Facuak «neurri zehatzak» eskatu ditu Osakidetzako itxaron zerrendak murrizteko

22.000 lagun daude presazkoak ez diren ebakuntza baten zain, eta 40.000 erabiltzaile ari dira itxoiten espezialista baten kontsultara joateko, kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkartearen arabera.

Barakaldoko Gurutzeta ospitalearen artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 18a
11:32
Entzun

Facua kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkarteak idazki bat bidali dio Osakidetzari, itxaron zerrendak «lehenbailehen» murrizteko eskatzeko. «Neurri zehatzak» galdegin dizkio, osasun sistema publikoaren «kolapsoa» saihesteko eta herritarrei «kalitatezko» zerbitzua emateko. Espainiako Osasun Ministerioak itxaron zerrendei buruz ondu duen txostenean bildutako datuak gogora ekarri ditu Facuak. Txosten horren arabera, orain 22.000 lagun baino gehiago daude presazkoa ez den ebakuntza baten zain Osakidetzan, eta beste 40.000 mediku espezialista baten kontsultaren esperoan.

Datuek okerrera egin dute azken urteotan, Facuak ohartarazi duenez. Hala, presazkoak ez diren ebakuntzen itxaron zerrendak %15,2 egin du gora 2021. urtearekin alderatuta, eta %30 2020. urtearekin konparatuz gero. Mediku espezialista batekin kontsulta izateko zain daudenen kopuruak ere nabarmen egin du gora 2021. urteko datuekin alderatuta: ia 40.000 herritar daude itxaron zerrendan, duela bi urte baino %60 gehiago. Traumatologiak eta oftalmologiak dituzte itxaron zerrendarik luzeenak: ekaineko datuei so, 6.340 lagun zeuden traumatologiako kontsulta baten zain, eta 6.001 oftalmologian.

Kontsumitzaileen elkarteak gogora ekarri du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun antolaketari buruzko 8/1997 legeak ezartzen duela herritarrei osasun publikoari lotutako neurriak bermatu behar zaizkiela, eta, hori lortzeko, osasun zerbitzuak egoki antolatu behar direla. Horregatik, Jaurlaritzaren Osasun Sailari eta Osakidetzari eskatu die «beharrezko neurriak» har ditzatela itxaron zerrendak murrizteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.