Ingurumena
Pazifikoko irlek Japoniari eskatu diote atzeratu dezala Fukushimako ur kutsatuaren isurketa
Eskualdeko hamazazpi uhartek argudiatu dute Tokioren planari buruzko «informazio eta datu gehiago» behar direla. Zentral nuklearreko edukiontzietan 1,29 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta.

Kontuan harturik arrantza sektorean kalteak eragin ditzakeela eta Ozeano Barea kutsatzeko arrisku handia dagoela, PIF Pazifikoko Uharteen Foroak kezka helarazi du Japoniak asmoa duelako Fukushimako zentral nuklearreko ur kutsatua itsasora isurtzeko. Adituek diotena oinarri hartuta, nazioarteko erakunde hori osatzen duten hamazazpi irlek argudiatu dute «informazio eta datu gehiago beharrezkoak» direla plan horren inguruan, eta, horregatik, Tokiori eskatu diote operazioa atzeratzeko.
PIFeko herrialdeetako asko oraindik borrokan ari dira XX. mendean Ozeano Barean —AEBek eta Frantziak, adibidez— egin zituzten proba nuklearrek eragindako arazoak eta ondorioak konpontzeko, eta, beraz, uste dute Japoniaren planak are gehiago okertuko lukeela egungo egoera. Tokioren operazioak arrantza sektorean izango lukeen eragina da kezka iturri nagusia, irla horietako askoren ekonomiaren oinarri baita.
«Gure eskualdeak jarrera irmoa du: ez da isurketarik izan behar alde guztiek egiaztatzen duten arte hori egitea segurua dela», esan du PIFeko idazkari nagusi Henry Punak, auzi horretaz egin duten mintegi birtual baten ondoren.
Fukushimako zentraleko ura hondakin erradioaktiboz kutsatua dago, erreaktoreak hozteko eta instalazio nuklearren barruan iragazteko erabili baita; zehazki, edukiontzietan 1,29 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta, 2011ko lurrikarak eta tsunamiak hondatutako instalazio atomiko batzuen barruan.
Japoniako Gobernuak iragan ostiralean berretsi zuen zentral nuklearreko biltegietan jasotako ur kutsatua Ozeano Barera isuriko zuela. Tokiok ez zuen esan zehazki noiz, baina adierazi zuen aurtengo «udaberri eta uda bitartean» egingo dutela operazio hori; berez, datorren apirilean isurtzea aurreikusi zuten, baina atzeratu egin behar izan dute, itsaspeko tunel bat egiteko lanak moteldu egin direlako. Tunel hori erabiliko dute Fukushimako ura itsasora botatzeko, lurretik kilometro batera.
IAEAren arabera, ez du «kalterik eragingo»
IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundea gainbegiratzen ari da ur kutsatuaren isurketa plana, itsasora isuri aurretik urak dituen elementu erradioaktibo gehienak kentzeko, eta, adierazi duenez, Japoniako Gobernuaren planak nazioarteko estandarrak errespetatzen ditu, eta ez dio «kalterik eragingo ingurumenari».
PIFek eraturiko lantalde batek, aldiz, beste bertsio bat du. Erakunde horren mintegi birtualean, lantaldeko Ken Buesselerrek azaldu du Tokiori bere asmoak berriz aztertzeko eskatu diotela: «Erradioaktibitatea mareen eta ur-lasterren bidez mugitzen da ozeanoan, eta bada arrainak kutsatzeko arriskua».
Hortaz, Japoniari erreferentzia eginez, Punakek esan du «eragotzi egin behar» dituztela «besteek eragindako kutsadura nuklearreko hondamendi larri batera bideratuko edo desbideratuko» dituzten «ekintzak». Tokioren planak inguruko herrialdeen eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeen kezka eta kritikak ere eragin ditu hasiera-hasieratik; Txina eta Hego Korea, esaterako, presio egiten aritu dira, baita Greenpeace ere.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.