Osasuna

Osakidetza zigortu dute langileen greba eskubidea urratzeagatik

ELAk Osakidetzaren aurkako salaketa jarri zuen, 2022ko otsaileko greba deialdietan gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» zirela iritzita, eta epaitegi batek arrazoi eman dio.

Sindikatuek lehen arretan deitutako protesta, iazko otsailean. ANDONI CANELLADA /FOKU
Edurne Begiristain.
2023ko urtarrilaren 18a
13:19
Entzun

ELA sindikatuak auzitara jo zuen argudiatuta lehen arretan eta arreta espezializatuetan 2022ko otsailaren 25erako eta 28rako deitutako grebetan Osakidetzak urratu egin zuela langileen grebarako eskubidea. Ezarritako gutxieneko zerbitzuak baino zentro gehiago irekita egon zirelako jo zuen ELAk justiziara. Bada, Bilboko epaitegi batek arrazoia eman dio sindikatuari, eta Osakidetza zigortu du. Zehazki, epaitegiak dio Osakidetzak grebarako eskubidea urratu zuela Bilbo-Basurtu, Ezkerraldea-Enkanterri-Gurutzeta eta Barakaldo-Sestaoko erakunde sanitario integratuetan.

Sindikatuak gogora ekarri du otsaileko greba deialdiek erantzun zabala izan zutela, baina Jaurlaritzako Lan Sailak eta Osakidetzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan zirela, eta osasun zentro gehienak irekitzeko agindu zuela Osasun Sailak. Ez da lehen aldia Osakidetzak langileen greba deialdia urratzen duena eta epaitegiek zigortzen dutena, ELAk salatu duenez. Sindikatuak ohartarazi du langileak mobilizatzen jarraituko duela, eta «irmo» jokatuko duela Osakidetzak edozein mobilizazio «neutralizatzeko» hartutako erabakien aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.