EKIALDE HURBILA

Israelek aske utzi du kartzelan denbora gehien igaro duen preso palestinarra

Maher Yunisek 40 urte igaro ditu kartzelan, 1980an soldadu israeldar bat hiltzea egotzita. Harrera egin diote bere jaioterrian, baina ezin izan dituzte atera Palestinako banderak.

Maher Yunis, gaur, bere jaioterrira iritsi denean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko urtarrilaren 19a
13:46
Entzun

Israelgo kartzela batean zigorrik luzeena bete duen preso palestinarra da Maher Yunis. Aske utzi dute gaur, espetxean 40 urteko kondena bete eta gero. 1983an atxilotu eta kartzelatu zuten, haren lehengusu Karim Yunisekin batera —duela bi aste askatu zuten hura—, hiru urte lehenago Golango gainetan soldadu israeldar bat hiltzea egotzita. Hasieran, urkatuak izatera zigortu zituzten. Ondoren, bizi guztiko zigorrarengatik aldatu zieten, eta, 2011n, azkenean, Simon Peres Israelgo presidente zela, 40 urteko kartzelaldiarengatik.

Palestinako Wafa berri agentziak Maher Yunisen ohar bat zabaldu du: «Agur bero bat palestinarra eta askea naizela esan dutenentzat. Hainbeste urtez kartzelatuta egon ondoren, desiratzen nago Palestinaren izenean masa handiak txaloka ikusteko. Hunkitu egiten nau ikusteak gazteen belaunaldiek balioak dituztela eta gure arazoen eta etorkizunaren kontzientzia dutela».

Arara joan da kartzelatik atera eta gero, bere jaioterrira. Herrixka palestinar hori Israelen mugen barruan dago 1948tik, eta, hain zuzen, duela bi aste Karim Yunisi harrera egin zioten han. Orduan, Palestinako banderak atera zituzten, eta, lau egun geroago, Itamar Ben-Gvir Israelgo Segurtasun ministro ultraeskuindarrak eskatu zuen eremu publikoetatik kentzeko Palestinako banderak, argudiatuta horiek erakustea «terrorismo mota bat» dela.

Ikusi gehiago: Palestinako banderak eremu publikoetatik kentzeko agindu du Israelgo Segurtasun ministroak

Ben-Gvirrek Poliziari agindu dio neurriak hartzeko. Horregatik, dozenaka poliziak Maher Yunisen etxea inguratu dute goizetik. Aske geratu eta jaioterrira heldu ondoren, Yunis aitaren hilobira joan da. 2008an hil zen. Etxera iritsi denean, amak lore orriak bota ditu airera.

Palestinako Atzerri Ministerioaren arabera, Israelek 800.000 palestinar inguru atxilotu eta kartzelatu ditu 1967an okupazioa hasi zuenetik. Iturri horrek dioenez, orain 4.700 palestinar inguru daude Israelgo kartzeletan; horien artean, 150 bat adingabe eta epaitu gabeko 835 pertsona. Preso gehienak Zisjordaniakoak dira. Maher lehengusuak aske geratu direla eta, Ben-Gvirrek abagunea baliatu du esateko heriotza zigorra ezarri behar zaiela «terroristei».

Ikusi gehiago: Botere banaketa apurtzea egotzi dio oposizioak Netanyahuri

Eta Israelgo indarrek beste bi palestinar hil dituzte gaur, eta hiru zauritu, Zisjordaniako Jenin hirian egindako sarekada batean. Palestinako Osasun Ministerioak adierazi du tiroz hil dituztela. Horrekin guztiarekin lotuta, Tor Wennesland NBE Nazio Batuen Erakundearen Ekialde Hurbilerako mandatariak erakunde horren Segurtasun Kontseiluaren aurrean eskatu du okupazioa bukatzeko eta «tentsioa baretzeko», bi estatuen konponbidea gauzatu ahal izan dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.